Ordu txikitan Buleria edota gisakoekin noizbait mokorrak astindutakoa naiz. Halere, salbuespeneko tortura (ez beti) sesio boluntarioak ziren horiek. Egun, bonbardaketa etenik gabekoa da, eta gero eta aterpe gutxiago geratzen dira zutik.
“Sharea edonola, isildu rock-and-rolla, etekinen eskolan”. Mingarriagoa egiten zait, ordea, alternatiboak diren esparruetan globalizazioaren alde hau horrela errotu izana. Galdetu, bestela, udan La Bicicleta hartu eta jairik jai Hasta Que Se Seque El Malecon ibili behar izan direnei. Mundu globalizatu honetan oasiak dira Euskal Herriko hamaika jai; oasia, baina, basamortu bilakatzen ari da, eta martxa honetan, zaila egingo zaigu Marbellako (Espainia) txiringito batean, Pragako (Txekiar Errepublika) diskoteka batean edo Azpeitiako San Inazioetan (herri bat esatearren) gauden ezberdintzea.
“Ez esan: ‘Irteteko hau onena, hi!’”. Dantzaldi eta zurito artean, batek baino gehiagok helduko dio gaiari, bai musika gustuko duelako, edo lekuz kanpo sentituko delako. Gakoa bakoitzak bere aletxoa eskaintzea da, guztion artean jai herrikoi batzuk eraikitzeko.
Beraz, gozatu ditzagun jaiak! Animo lan egin behar duzuen guztiei, batez ere, jai herrikoien alde behar hori musutruk egiten duzuen horiei. Besarkada bana, baita, espetxean edo sasian egoteagatik Pinondora etorri barik geratuko zaretenei. Maite zaituztegu!