Nara

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2016ko eka. 24a, 08:30

Japoniako hiriburua izandakoa da Nara, 710-784 bitartean. Hiri turistikoa, ezaguna da, besteak beste, bertako sika oreinengatik (Cervus Nippon). Legendaren arabera, Takemikazuchi jainkoa orein zuri horietako baten gainean iritsi zen bertara. Ordutik, animalia sakratutzat dituzte herrian, eta hiriko berdeguneetan aske ibili ohi dira.

Ez naiz jainkoak gurtzearen zaleegia, baina abesti batek (arraroa, ezta?) eraman nau Japoniara. “Hallelujah” abesten du bertan gizon gazteak. Oreinak nola, berari ere horrela ibiltzea gustatuko litzaioke, libre, munduko edozein kaletatik. Izan ere, gustuko duen mutilarekin ezkontzekotan da bera.

Alabama eta Bovay ere aipatzen ditu, ia ahopean, baina ez kasualitatez. AEBetako estatu kontserbadorea da lehena; Alvan E. Bovay estatubatuarra alderdi errepublikarraren sortzaileetako bat zen. “Maitasuna da kolorerik beroena” ohartarazten du. Errusiari, berriz, tximeletei hegaz egiten uzteko eskatzen dio.

Ametsak eta errealitate gordina, eskutik. Txanponaren bi aurpegiak.

Indarkeria islamistarekin nahastu nahi izan da egunotan, egiturazko biolentzia dena; LGTBQ komunitateko 50 lagun hilda, Orlandon (AEB). “Familia drama” legez deskribatzen dira egiturazko biolentzia horren ondorioak; lau emakumezko hil dituzte asteon Euskal Herrian. Eta bitartean, jarrera hauek normalizatzen dituzten medioak ditugu.

Saltoki erraldoi batzuen leloa nire eginez, gustura eraikiko nuke nire (gure) errepublika txikia. Txikia litzateke, baina erosoa. Bertan, egunero lirateke ekainaren 28a edota maiatzaren lehena... bueno, isilduko naiz, ni ez nago kanpainan-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!