1440

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2016ko ots. 19a, 09:00

Aitortu beharra dut nahiko despistatua naizela. Hamaika izango dira, nire pentsamenduetan galdurik egoteagatik, agurra itzuli ez diedan ezagunak (barkatu).

Hormekin, baina, beti izan dut halako fijazio bat. Maite ditut pegatinak, pintaketak edota kartelak; jakin-mina sortzen didate. Iruditzen zait, zerbait gordetzen dutela. Zaparro garaiko bat gogoan dut, bereziki. Ikastolarako joan-etorrian, egunero ikusten genuen. 2, 3, 4... 15era heltzean edo, “Zenbat?” galdetu nuen etxean. “Esango nuke 30 larria dela, atzera bueltarik gabea”, erantzuna. Artean, nire hamahiru urteekin ez nuen guztiz ulertzen hitz horien esanahia, suposatzen dut. Ezta testuingurua ere.

Egun horietan, kartela ikusi aurreko metro horiek ia korrika egiten genituen, zenbakia aldatu zuten jakiteko. Hogeita hamargarrena iritsi ahala urduritu ginen; ezin dut deskribatu egunek aurrera egin ahala handitzen zen ezinegona. 39ra iritsita, ez zen beste kartelik itsatsi.

Hamazazpi urte igaro dira ordutik.

Izan dut zure berri denbora honetan, handik edo hemendik. Iazko ekainean, adibidez, ezagutzera eman zenuen minbizia zenuela. Modu batean, 1999ko argazki hori izaten jarraitzen duzu niretzako; garai horretan bezala, tinko eusten duen pertsona bera. Egun, Badajozen (Espainia) zauzkate, Durangotik 720 kilometrora. Harantza irten gara gaur hamarka batzuk, zure herrikideen berotasuna helarazteko, eta ganoraz artatua izateko, etxean egon behar zarela exijitzeko.

Eutsi gogor, Gorka! Zu(r)ekin gaude!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!