Loreontziak

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2015ko aza. 13a, 08:30

Irakurri dut, Elorrion, batzorde bat eratuko dutela Ferixa Nausikoetan txosnagunearen kokapenaz (besteak beste) eztabaidatzeko. Nola ez, gure uri maiteaz gogoratu naiz.


Durangon urteak daramatzagu eztabaida berdinarekin. Boterearentzako joera da guztia kontrolpean eduki nahi izatea, eta, badakizue, garaiotan zuzenean debekatzea gaizki ikusia dagoenez, tresna leunagoak erabili beharrean egoten da.

Deitu txandaketa, edo deitu zigor administratibo, kontua bidean harri-koxkorrak jartzea da. Eta beharrezkoa bada, populismoaren karta ere hor dute, jokatzeko prest.

Bizilagunen eskubideez berba egin behar badugu, egin dezagun zintzoki. Akaso Durangoko Pasinoko entseguek ez al dute molestatzen? Egin dezatela txandakakoa Zezenak Dira: urte bakoitietan, Alde Zaharreko lur labankorretan izan daitezela lasterraldiak; Askatasun Etorbideko 100 metroak kokagune itzela lirateke urte bikoitietarako. Imajinatzen al du norbaitek San Blasetako feria Matienan izatea?

Ez, serio jarriko naiz, gaiak horrela merezi du-eta.

Udala pozik agertu da Ezkurdiko karpek edukitako harrerarekin. Parte hartzea erraztu duenez, erabaki zuzena izan delakoan daude. Nola ez dugu gustuko izango herritarrok, gure herriko jaiez kale nagusietan gozatu ahal izatea?

Ez du zentzurik jaien alde lan gehien egiten duen eragileetako baten lana oztopatzeak, eta, udazkenero, kokagune aldaketekin aspertzeak. Txosnagunea ez da umorearen arabera lekuz aldatu daitekeen loreontzi bat. Bada garaia auzi hau ganoraz ixteko. Mahaiaren bueltan jezarri, berba egin eta konpromisoak hartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!