Ez izatearen ajeak izango dira, nonbait.
Futbolak jendartean duen hedadurari esker azaleratutako kasu bat baino ez da joan den igandekoa, zoritxarrez. Eta horiek ematen direla konturatzeko ez dago Almeriaraino joan beharrik. Batzuek hangoak baino ikusi nahi ez dituzten arren.
Gaizka Garitanok jasotako txaloen artean (merezitakoak guztiak, noski), badira kirrinka egiten didatenak. Prentsa areotan jazotakoarekin, makina bat asaldatu ziren gurean, agintariren bat edo beste ere bai. Beroaldian Garitanoren jarrera goratu du baten batek, sare sozialetan hura bezala espaloitik jaisten ez direnak larrutu izan dituen arren.
Eibarreko entrenatzaileak agerian utzi duena euskaldunok sufritzen dugun gutxiespena da; fokoetatik kanpo, egunero gurean jasaten dugun errespetu falta. Erakutsi du garenari uko egin gabe arduraz jokatzea posible dela, inor seduzitu gabe bada ere. Horra, gu izatearen albo kalteak.
Iraultza txikietan oinarritutako gertaerez beteta daude Historia liburuak, gogoratu Rosa Parks autobusean eserita, bestela. Izan bedi hau, beraz, euskararen garra hauspotuko duena.
Lorea Agirrek Korrika amaieran esan zuen legez, "auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da". Euskararen alde egotetik euskararen alde egiten hasteko ordua da.