Nor zara?

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2015ko ots. 13a, 08:30

Zu, domekan atxilotu zintuzten hori. Beharbada, kalean gurutzatu gara egunotan, Durango ez da hain handia eta. Nor zaren jakin gabe jarraituko dugu, badakitenek esaten ez duten bitartean, behintzat.


Nago, txipa aldatzea baino ez litzatekeela, tradizioz, hatz erakuslea dantzan jartzekoak baikara gurean. Justifikatu eta zoriontsu bizi.

Iaz, 30 emakume durangarrek, gutxienez, salaketak jarri zituzten indarkeria sexistagatik; hamaika gehiago izango dira sufrikarioa ezkutuan daramatenak. Zifrak hotzak dira, anonimoak, denuntzia bakoitzaren atzean pertsona bat dago, baina; durangarron kasuan, bizilagun bana salaketako. Iazko abenduan, Amelia Rodriguez eta Mari Luz Alejo ama-alabak hil zituen bigarrenaren senarrak. Ezagun dutenek pertsona normaltzat hartuko zuten gizona, eta horregatik bilatu ziren arrazoiz mozorrotutako aitzakiak. Justifikatu eta zoriontsu bizi.
Merkealdietan erosi genuen berdintasuna, eta garesti irteten ari zaigu. Erroan du desberdintasuna sistema honek, eta horrek egituratzen du matxismoa. Arrazoiak bilatzen jakinez gero, argirik gabeko itzala ere justifikagarria da, eta maisuak gara horretan. Justifikatu eta zoriontsu bizi.

Honetan, martxoaren 8a iritsiko da, eta gure buruak zurituko ditugu. Eta, beharbada, zurekin gurutzatuko gara, erasotzaile. Eta hurrengo eraso matxista ematen denean (gertatuko delako, pasibotasunak hori baitu, ez duela ezer aldatzen), gure buruari galdetuko diogu ,“Nola da posible?”, inozoki.

Hitzek ez dute kiratsa ezkutatzen, baina, lasai bizitzeko balio dute. Justifikatu eta zoriontsu bizi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!