#EtaUrteAskotarako!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Maldonado Zabala 2014ko urr. 31a, 08:30

Hamargarren urteurrenaren kariaz, Plateruenean bizitako momenturik onena zein izan dudan galdetu didate astea hastearekin batera. Errenkadan etorri zaizkit oroitzapenak, hasi inaugurazioko lehenbiziko zerbezatik eta joan den asteko bazkarira arte. Zenbat ordu barraren ezkerraldeko trintxeran? Zenbat egunsenti kanpoko atetik irteteko beldurrez?


Guztia ez da parranda, baina. Hamarkada bakarrean mota guztietako ekitaldi-kontzertu-otordu-kantaldi-hitzaldietara hurbildu naiz (eta gara) bertara, eta durangarron (eta ingurukoen) bizitzen parte izatera iritsi da hiltegi zaharra; zuetako bakoitzak izango du bere pieza kutxatxoan gordeta, ziur.

EHko aretoen (bere garaian, Europa hegoaldeko esatera ausartuko nintzake) artean nabarmendu zen hasieratik, eta puntako taldeekin batera izerditu dut bertan. Lisabörekin, Animalia lotsatuen putzua aurkeztu zutenean, edo Anestesiaren Terapiarekin, bi bereiztearren. Memorian iltzatuak ditut, era berean, Edan talde handiarekin bertan eginiko kadenetak. Sarrerekin eginiko bildumara ere jo dut, baten bat ahaztu dudan beldurrez. Baghdadek ere bertan urratu zuen bidea lehenbizikoz.

Laguntzarako deia ere egina dute berriki, eta gaur 10. urteurren hori gogoraraziko dugu, ekarpen kanpaina betean. Txakalaldiak ere igaro egin behar dira, eta hiltzen ez zaituenak indartsuago egiten zaitu. Gaitza zait urte hauetan bizitakotik une bakarrarekin geratzea, eta argi dut, gainera, onenak bizitzeko ditudala/ditugula. Eutsi Plateruena, eta urte askotarako!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!