Herriko komertzioaren defentsan

Baserritarrek ez daukate beraien asteroko merkatua egiteko baimenik, herriko merkatariak arduraturik daude LESAn egiten diren asteburuetako merkealdi azokak direla eta, Mercadona eta halako merkataritza-gune handiak eskualdera etortzeko mehatxua,…

Ez dira garai onak Durangon herriko betiko merkatariarentzat. Ez dira garai onak, eta PNV eta PSEren Udal Gobernu Taldeak ez diote babesik ematen kasik. Komertzio txikiaren alde daudela esan bai, baina egin, gauza gutxi egiten dute. Eta maiz egiten dena, alde baino, kontra.

Ez dira jabetzen, akaso, herriko komertzioa babestea denda baten edo beste baten alde egitea baino gehiago dela. Badagoela modua herri eredu bat defendatzeko, jasangarria eta gertukoa. Badagoela modua herriaren beraren biziraupena bermatzeko.

Ulertu behar da komertzio txikien alde eginez, herriko ekonomia dela bultzatzen duguna, eta ziurtatzen dugula aberastasuna herritik herriarentzat banatzea. Merkatari eta komertzio txikien laguntzaz sortzen da herri mailako sare ekonomikoa, eta horrek egiten du herriko egoera sozioekonomikoa hobetzea. Ekologikoki ere badira mila arrazoi komertzio txikien alde egiteko, jasangarriagoa baita zeharo.

Durangok, zerbitzu herri bat izanik, beharrezkoa du komertzio txiki sare indartsu bat, eta, nola ez, honetaz jabetu eta honen alde egingo duen Gobernu Talde bat. Hori dela eta, zapatuan gertatu bezala, beti hor egongo gara komertzio, kontsumo eredu honen alde lan egiteko, herritar ororekin batera, komertzio honen alde egitea herri guztiaren alde egitea baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!