Lan-kargak eta ekoizpen-erritmoak areagotzen dira, lanak azpikontratatzen dira eta kontratu laburrekin lan egiten da. Pertsona askok lan egiten dute hurrengo astean lanpostu horretan jarraituko ote duten ez jakiteko presioarekin. Honen ondorioz, batzuetan, istripuak, erorketak, kolpeak izaten dira.
Zer gehiago gertatu behar da benetan prebenitzeko neurriak hartzeko? Baina enpresek eta patronalak produktibitatea lehenesten dute. Produkzioa, patronala eta gobernuaren ahotan hainbestetan entzuten dugun hitza. Hau tailer bakoitzera heltzen denean, lanpostu bakoitzera, jendeak oso baldintza eskasetan lan egiten duela ikusten dugu.
Enplegu duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Baliabide tekniko eta/edo giza baliabideak behar dira lan istripuak saihesteko, baina kostu ekonomikoa dute, eta enpresek eta patronalak ez dute prebentzioan inbertitu nahi. EAEko eta Nafarroako gobernuei langileen osasuna lehenesteko eta segurtasuna eta bizitza bermatzeko exijitzen diegu.
Egoera honi buelta emateko ezinbestekoa da langileon borroka. Osasunik gabe ekonomiarik ez dago, bizitza duinik ez dago, etorkizunik ez dago.