Kaixo atzera ere, irakurle. Aurreko alean agurtu ginen, baina egunerokoak fikzioa gailentzen duela erakutsi digu berriro ere, eta ezin isilik egon. Titiriteroez ari gara, benetan sinestezina delako sortu den katramila.

Hitz egiteko asko ematen du, baina guk ANBOTOn kaleratu ditugun zutabeetan bezala, gure ogibidetik helduko diogu gaiari, eta horretarako onena emanaldiaren iturrira jo dugu, gauzak hasieratik trakets egin zirela uste dugulako.

Lehenik eta behin, programatzailearen akatsa nabarmendu nahiko genuke, emanaldi bat ikusi barik kontratatzearren, kudeatzen duen (orain, zuen) egitasmorako aproposa den jakiteke, eta kontratatuko duen lanaren profesionaltasunaren inguruko gogoetarik egiteke, 500 km egin behar duen konpainiak 2 emanaldi hain merke egiteak susmoren bat piztu beharko bailioke. Akaso, ofizioaren duintasuna aldarrikatzeko adibide bihurtu da kasu hau, programatzea hutsuneak ahalik eta merkeen betetzea baino zerbait gehiago dela erakutsi duelako.

Eta, bigarrenik, kokoteko bat konpainiarentzat ere, edozein baldintzatan baiezkoa ematearren, lanaren egokitasunari erreparatu barik. Badakigu krisiak halakoetara eramaten gaituela, baina ezetz esaten jakitea ere komeni da.

Ikusiak ikusita, argi dago merkea garesti ateratzen dela, are gehiago tartean interes politiko eta mediatikoak daudenean, tamalgarria benetan, antzerkiarentzat eta profesioarentzat. Bihoa hemendik gure elkartasuna neurriz kanpo zigortu diren programatzaile eta titiriteroei.  Zirko mediatiko – politikoarentzat bazka izan baitira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!