Informatika orojaleari esker, hemerotekara jo barik jakin dezakegu 2009az geroztik hemen izan gaituzuela, Anbotok eskaini digun zutabetxo honetan, bi hiletik behin-edo.

Gure ordenagailuan, ordutik, Anboto izeneko karpetatxo bat dugu, eta han dagoenari begira euskal teatroaz, kanpoan egiten denaz, zirkuaz, prezioaz, BEZaz, antzerkigintza sustatzeko proiektu berri eta ez hain berriez, publikoaz, ikusleez, epailez, artearen munduko altruismoaz, prezioaz eta presioaz, sormenaz, etsipenez eta poztasunez, edota futbolari diogun inbidiaz berba egin dugu.

Alegia, gure lanaren berezitasunak eta gogoetak aireratzeko eta zuekin partekatzeko erabili dugula zutabetxo hau urte mordoxka batean. Honezkero, igarriko zenuen halako errepasoari agur kutsua dariola. Halakoetan esaten den moduan, akaso gero arte baino ez.

Ezinbestean, eskerrak Anbotoko Itsasori, tarte honetan parte hartzeko luzatu zigun eskaintzagatik, maketatzaile eta zuzentzaileari, sarri, epeak azken segundorarte urratu izanagatik. Beraz, mila esker gurekin izandako pazientziagatik, zuzendaritzari iritzi artikulu bizefaloa egitea onartu zigulako. Eta, zelan ez, eskerrak zuri, irakurtzen zauden horri, hala bada, gure berbaroa zentzuz jantzi duzulako.

Paperean ez, baina teatroan erraz topatuko gaituzu, zerbaitetan lagundu baldin bazaitzakegu erdu gurera. Laster arte, agustiñak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!