Prezioa ekuaziotik atera nahian, edo, benetako arrazoi gordea hori dela sinetsita, Kultura bonua eta Zatoz antzokira kanpainak jarri dira martxan. Lehenarekin, diru baten truke balio altuagoko abonu bat eskuratzen da, bigarrenarekin, udaberrira arte 3 euskal lan ikusi dituenak laugarrenerako txartela eskuratzen du.
Honi guztiari antzoki publikoon bazkidetza txartelak batuta, gure kasuan urteko 25 euroan, deskontuak eta doako sarrerak eskaintzen ditugu. Azken hamar urtean ez da preziorik igo, hala adostu delako antzoki publikoon SAREAn, eta erakundeek hala erabaki dutelako. Izan ere, herrietako ia antzoki denak publikoak gara, horregatik eutsi ahal izan diogu prezioari, eta kulturaren BEZak ez du sarreraren prezioan eragin. Harro omen gaude euskaldunok Osakidetzagaz, baina zer gutxi akordatzen garen teatro publikoak ditugula aldarrikatzeaz!
Lagun batek esaten duen moduan, zabal ditzagun ateak eta bete daitezela eserlekuak! Tarifa eta balditza horiek guztiek ez dute-eta horrenbeste balio! Hala ere, antzokiak betetzeko larri jarraitzen dugu. Akaso prezioan barik, beste nonbaiten bilatu beharko dugu horren arrazoia.