Sarritan, gure lana maitasun istorio baten modura irudikatzen dugu. Hiru erpineko amodioa, antzerkigileak, antzerkizaleak, eta antolatzaileak osotutako maitasun triangelua.  Platonikoa, egileak, antolatzaileak eta zaleak, bakoitzak bere baitan bestearenganako eragina irudikatzen duenean.

Batzuetan, mistikoa bizipenak muturreraino eramaten direnean. Karnala, aretoak jendearen epeltasunaz janzten direnean. Inozentea, egileak ulertua izango dela sinesten duenean, zalea asebeteta aterako dela uste duenean, antolatzaileak aukeratutako proposamenak ikuslearen babesa izango duela espero duenean. Lizuna, inoiz esan ezin direnak bururatzen zaizkigunean. Sinbiotikoa, beti, zentzu gutxi izango dutelako egileak, zaleak, antolatzaileak bestea gabe.

Sentimendu horiek guztiak ezkutatzen dira udazkeneko denboraldirako prestatutako programan. Begi bistan erraz ikusten da Euskal Herrian egindako lanak tarte ederra duela, baita euskaraz egindako antzerkiak ere. Antolatzaileon iritziz, uzta oparo eta duina sortu dute egileek. Orain, zu behar zaitugu, ikusle, zale, antzerkizale, izan zaitez platonikoa, mistikoa, karnala, inozentea, lizuna… denak edo nahi dituzunak, ez dizugu betirako maitasuna eskatuko, aliantzaz lotutako ezkontza haustezina. Erabil gaitzazu, izan gaitezen ilunabarrean maitale, behin besterik ez bada ere, gozatu dezagun elkarrekin… eskatu nahi dizugun gauza bakarra sinbiotiko izan zaitezela da, zu gabe gure triangelua herren izango baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!