Kultura giza eskubidea da

Lucina Jiménez entzutea plazer hutsa da. Unescok aintzat hartzen du Agenda 21ean, eta kultura eta garapenaren arloan, gaiotan oinarritutako gobernantza lantzen duen aditu taldeko kide delako.


La Red –Estatuko antzoki publikoen sareak– Almagron antolatzen dituen jardunaldietan atzera ere entzuteko aukera izan nuen, eta atzera ere hunkitu nintzen, kultura giza eskubidea dela gogorarazi zigulako. Kontu hau ez da berria, Unescok 1966an onartu, eta 1976an sartu baitzen indarrean. Badirudi 40 urte behar izan ditugula esaldi horren pisuaz jabetzeko. Azkenean, heldu omen gara une horretara.

Zer esan nahi du kultura giza eskubidea dela aldarrikatzeak? Ba, kultura giza garapen jasangarrirako ezinbestekoa dela onartzea, kultura eskubideei giza eskubideen edota eskubide politikoen maila bera onartzea. Besteak beste, aintzat hartzea identitate propioa izateko eskubidea, norbanako izaera garatzeko askatasuna, pentsamendu askatasuna, bizitza kulturala askatasunez bizitzeko eskubidea, adierazpen askatasuna edo sorkuntza ekoizpena babestea.

Ondo legoke denon ahalegina horretara bideratzea. Utopia izango da, baina, Lucinak bezala neuk ere Bertolt Brechtek esandakoa ekarriko dut gogora: “Nahasmen sasoi odoltsuotan, nahaste-borraste antolatu, bidegabekeria kontziente eta humanitate deshumanizatuaren sasoiotan, ez dezagun onartu ohikoa saihestezin edo natural bailitzan. Ezer ezin daiteke aldagaitza izan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!