Ezagutzaren gizartea ei da gurea, izenak txiste mordo bat sortu ditzakeen arren. Orain arte gauza berriak sortzeko pentsatzen genuen; sasoiotan, ordea, jakintza berria sortzeko pentsatzen dugu, ezagutza bide izatetik helburu izatera pasatu da. Teknologiari lotutako gizarte baterantz goaz, informatika orojale bihurtu da, hobeto esanda, bihurtu dugu, orain gauza gutxi dago ordenagailu batek egin ez dezakeenik, eta oraindik puntaren punta besterik ez dugu ikusten.


Mekanizatu ahal den guztia makinek egingo dute aurrerantzean, eta gero eta gauza gehiago mekanizatuko dira, besteak beste, gure ahalegina horretara bideratzen dugulako. Testuinguru honetan, pertsonak gure sormenagatik bakarrik izango gara baliotsu.

Sarri ahaztu egiten dugu guk geuk sortzen ditugula makinak, eta ez alderantziz. Ordenagailuek bizidunok aurreikusitako egoeren aurrean erantzuna abiada bizian ematen dute, baina, zorionez, bizitzak sarri barre egin eta beste bide batetik jotzen du, bizirik egotea baita bizitzaren esentzia.  Horregatik, pilotu automatikoak dauden arren, trenetan hezur-haragizko pilotuak doaz, eta irakasleen egitekoak zentzua izaten jarraitzen du.
Beste animalietatik bereizten gaituen ezaugarri nagusienetakoa irudimena eta sormena erabiliz esangura konpartituak asmatzeko gaitasuna da. Eta zer da, bada, teatroa, hori ez bada? Istorio bat asmatu, kontaera aukeratu, oholtzan jarri eta aurrean dagoenarekin partekatu… eta hark ulertu! Gozatu dezagun humanotasunaz, izan gaitezen pertsona.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!