Eta, akaso, gutxi inportako zaizu, irakurle, berari buruz esan behar ditugunak; kariñoa genion, eta ez dugu bestelako aitzakiarik berriro sekula ikusiko ez dugun laguna ez agurtzeko. Etxe honetan hartu gintuen lehen nagusietarikoa izan zen, administrazioa eta udalgintza ulertzeko modu partikularra zeukan, burokraziaren antipodan Orozketako txokotik oratzen zion egitekoari.
Zezenaren sokatik hasi zinen udaletxerantz hurbiltzen; gerriaren bueltan lotutako soka hartatik, sanfaustoetakoa etorri zen, eta handik udaletxekoa, guztira 30 urte; zezenetan bezala ekinez, gerri bueltan soka jantzita ekindako urte luzeak.
Soka horretatik tiraka datozenetan ere akordatuko gara Mojinosen kontzertuaz, Loquilloren ez-kontzertuaz, ia mito urbano bihurtu den Tahuresek emandakoaz, eta, zelan ez, Durangon sokamuturra beharrean “zezenak direla” solemnitatez defendatzeaz.
Akordatuko gara datozenetan ere, txupinazoan, Zezenak Diran eta kale giroan, eta orduan zure izenean topa egingo dugu, eman zenuen soka luze horrek jarraituko baitu San Fausto bakoitzean. Aupa Natxo!