Pentsatu duzu inoiz zein ona izango litzatekeen beti norberak gura duen toki horretan egotea? Eguna hemendik hara ematen dugu, askotan beharrak aginduta, bestetan gogoak eta bestetan halabeharrak. Batzuetan bat egiten dute toki berean hiru kasuek, alegia, gurariak, obligazioak eta kasualitate/kausalitateak. Bestetan gogoak esaten duenaren kontra joan behar izaten dugu beharrak eroaten gaituen lekura. Zorionez, oraindino jendea gurera –teatrora– gogoak edo interesak bultzatuta etortzen dela sinetsita egon gara.


Azkenaldian, baina, fenomeno bitxi batek bestelakorik pentsatzera garamatza. Kontua da mugikorrak gure egunerokoan txertatu genituenetik “hemen” edo “han” adierazleek beste zentzu bat hartzen ote dabiltzan zalantzan gaudela. Dagoeneko ohitu gara edozein emanaldi ikustera goazenean telefonoak amatatzera, baina, zintzoak izanda, ia inortxok ere ez du/dugu amatatzen, gehienek bozgorailua jaitsi eta “bibrazio” moduan jartzen dute/dugu, “hor” kanpoan gertatzen den hori unean bertan bizitzea ezinbestekoa balitz bezala, lagunen arteko azken WhatsAppa galtzea baino okerragorik egongo ez balitz bezala. Eta, hala, arrunt ere bihurtu da, edozein emanalditan, antzokiaren iluntasunean poltsa edota poltsikoetan ipurtargi dardartiak ikustea… eta entzutea! Tartean, xuxurlaka, “ezin dot hitz egin… teatroan nago”, esaten duenik ere bai.

Proposamen bat, oparitu diezaiegun geure buruei (eta ingurukoei) antzerkiaren magiarekin ordu eta erdiz bidaiatzeko aukera. Hemengoari hangoari baino garrantzi handiago eman diezaiogun; izan ere, hemen baikaude (90 minutuz bada ere).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!