Bultzadatxoa sorkuntzari

Sorkuntzari bultzakadatxo bat ematea, horixe da hain zuzen ere Astarloak kaleratzen duen bekaren helburu nagusia, durangarren artean arte sorkuntza bultzatzea eta babestea.

 

Honezkero urtetxo batzuk igaro dira, lehenengo, Kultura Batzordetik, eta, geroago, Astarloaren bidez, udalak beka hau kaleratzen duela; hala ere, askorentzat ezezaguna da oraindik, eta pena galanta da hori, horregatik, gaurkoan bekaren aurkezpentxo labur bat egingo dugu.

-Sorkuntza eta ekoizpen artistikoa bultzatzea da helburua.

-Muga bakarra du bekak: durangarra izatea. Taldean parte hartuz gero, gehienak Durangokoak izan behar dira.

-Dirua dago: 7.500 euro jasotzeko aukera daukazu zure proiektua mardula bada. Aurkeztutako proiektuen arabera, bat baino gehiago lagundu daiteke, partaideekin adostuta.

-Denbora dago: urte osoa daukazu proiektua gauzatzeko.

Hemendik aurrera zuk aukeratu, zer, nola eta zergatik egin nahi duzun. Berdin da zure adina zein den, berdin da beteranoa edo hasi berria zaren, berdin banaka edota taldean egin nahi duzun, berdin diziplina batean trebea bazara, edota zure ideiak plazaratzeko hainbat baliabide erabiltzen dituzun…

Oraindaino, besteak beste, bideo instalazioak, erakusketak, argazki bildumak, ilustrazioen kontakizunak, eta

ikerketa lanak lagundu dira.
Eta onena: uda osoa daukazu aurretik proiektua prestatzeko, irailaren 5ean amaitzen baita aurkezteko epea! Sorkuntza oparoa izan dezazuela, uda on guztioi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!