Sentsazio horixe sortu zitzaigun zapatuan, El intérpreteren aurretik Asier Etxeandiarekin kafe baten bueltan. Etxeandiak kontatu zigun 2012an, telebistan eta zineman hainbat lan handi egin eta gero, urtea goia jota bukatu zuela, La averiarekin gizonezko aktore onenaren Max saria eskuratuta, eta bat-batean, maldan behera amildu izan balitz bezala, telefonoa mututu zitzaiola, eta agendan egun hutsek gorriei gaina hartu zietela. Etsita, egunero jateko bizioa hartuta, formatu txikiko zerbait prestatzeari ekin zion, pare bat lagun musikari endredatu, eta ondoen ezagutzen zuen istorioa kontatzeko: berea. El intérprete. Kantuak lagun, bidaia emozional eta katarsi kolektiboa, antzoki guztietako sarrerak agortu dituena.
Hori entzutean sentitu genuen déjà vua. Zortzi aste lehenago, berbaldi berbera, antzeko kafea, eta aktore berdintsua. Hura Alberto San Juan zen, abenduan etorri zen Autorretrato de un joven capitalista españolekin. Lehenengo pertsonan kontatu zuen, urtetan filmetako galaia izan eta gero, Animalario konpainia sortu eta goia jo ondoren, aldapan behera amildu zela. Produktoreak berekin ahaztu ziren. Formatu txikiko zerbait egitea pentsatu zuen. Bere bizipenen bidez Espainiako politikaren errepaso aparta sortuta.
Agenda hutsaren aurrean, eta krisi ekonomiko eta existentzialean murgilduta, berriro gora eraman dituen lanak sortu dituzte. Basamortuko ibilbideak on egin die biei, bejondeiela! Eta mila esker lan biribil horiengatik.