Gaurkoan gai irristakor batekin ausartuko gara, "musu-truk" egiten den lanaz berba egin nahi dugu. Gaiak ez du helduleku errazik, are gutxiago 1.500 karakteretan, eta gure asmoa ez da inor mintzea, ezta errudunak topatzea ere, ez baitugu uste on edo txarren kontua denik, kulturgintzako eragileekin eztabaidatzeko gai bat proposatu besterik ez dugu nahi.
Inork gutxik eztabaidatuko du eskuzabaltasuna giza balio eta jarrera goraipagarrienetarikoa dela, askotan elkartasuna edota helburu batekiko konpromisoa adierazteko modua. Kulturgintzara etorrita, zenbat eta zenbat izan ote dira Euskal Herrian horrela antolatu diren jaialdi edo ekitaldiak? Galdetu bestela inguruko aktore, margolari, bertsolari edo musikariei.
Azkenaldian, baina, kezkatzen gaituen jarrera sumatzen hasita gaude, behin baino gehiagotan entzun dugulako halako tokitan oso programazio aberatsa dutela, parte hartzen dutenak bokata parea eta takilako 100 euroen truke aritzen direlako; edo ez dakit zein lagun prest egongo litzatekeela gastuen truke etortzeko… Lehen noizbehinkako ekarpen pertsonala zena, orain lan egiteko modu arrunt bilakatzen ari delako susmoa dugu. Gauzak horrela, non gelditzen da artistari zor zaion ordainsaria? Eta bere lanaren emariari, alegia, kulturari onartzen diogun balioa? Ez ote gara altruismoa eta krisia aitzakia hartuta artistaren lana balioz husten? Orduan, zein balio onartzen diogu kulturari? Hori baldin bada bidea, etorkizun beltza dugu aurretik. Zirrikitu arriskutsua, benetan.