Kultur kudeaketaren misterioak behin baino gehiagotan komentatu ditugu zutabetxo honetan, sarri ez dakigula zergatik proposamen batzuk funtzionatzen duten eta besteek ez; noiz jendea jakitun dagoenen edo ez, zeintzuk ote diren ekuazio honetako aldagaiak... baina, argi dagoena da, gurea ez dela zientzia zehatza.
Azkenengo ezusteko pozgarria Topaklown jardunaldiekin jaso dugu. Aste Santuko egunetan klowngintza lantzeko jardunaldiak antolatu genituen San Agustinek eta Ganso & Cia hemengo konpainia egoiliarrak. Hasiera batean, egitasmo interesgarri baina apala; emaitza ikusita, denborarekin sendotu zitekeena. Eta hara non, lehenengo saiakeran ia-ia goia jo dugu!
Hain gutxietsitako pailazo profesionalei zuzendutako formazioa eta oporraldia uztartu nahi izan genituen. Aurreikusitako lau ikastaroei beste bi batu genizkion, eta, hala ere, jendea etortzeko gogoz gelditu zen. Bertaratutako irakasle eta parte-hartzaileak umorearen profesionalak izanik, aukera aprobetxatu eta egunero pare bat antzezlan programatu ziren. Eta hala, egun euritsuei ilunabar koloretsuak margotu genizkion, ikusle mordoxka erakarriz.
Ia konturatu gabe, Topaklown sortu dugu, jaiegunetarako kultura eta aisiarako tresna. Ezagutu duzuenok, jakizue datorren urtean ere hor izango gaituzuela; oraindik zer den ez dakizuenok, jakizue datorren urterako aukera berriak lantzen hasita gaudela. Pailazo on bat ikusi nahi? Bihar, Pepe Viyuela zazpietan eta gurean.