Bonbardaketek erantzule zuzen batzuk ditu, gizateriaren aurkako krimena eragin zutenak: armada faxistaren arduradunak. Baina gure justizia-sistemak ez du ekintza kriminal hori epaitu, ezta errudun aldarrikatu ere. Gainera, ukatu egin da ikerketa egitera, ez ei dago gertatu zenaren proba nahikorik eta.
Herriren bat bonbez eta metrailaz txikitzean, helburua ez da herriko sektore bat zigortzea, suntsitzea edo hiltzea. Helburua herri osoa ikaratzea da, beldurtzea, izutzea. Bonbek gorriak zein zuriak, emakumeak zein gizonak, gazteak zein helduak, umeak zein gurasoak, ezkerrekoak zein eskumakoak, sinesdunak zein ateoak, den-denak zigortzea dute helburu. Ikara sortzea izan zen helburua, herritarrak makurrarazteko. Eta hori gizateriaren aurkako krimen larria da!
Bonbardaketaren eragina ez da hilketan edo suntsiketan amaitzen. Ikaratuta, beldurtuta, izututa, milaka durangarrek alde egin zuten Durangotik, Espainiako edo Europako lurraldeetara. Batzuk inoiz ez dira itzuli, beste asko luzaro bizi behar izan ziren etxetik kanpo. Errepresioa ere etorri zen bonbardaketarekin: fusilatzeak, kartzelaldiak, esklabutza lanetara behartuak, zigorrak, isunak, desjabetzeak, euskara debekatzea, eta abar. Luzaro, gainera.
Hori guzti hori bizi behar izan zuten gure gurasoek eta aitita-amamek. Argi izan! Ez ahaztu! Ahanztura baita laurogeita hiru urteren ostean bonbardaketaren erantzuleen ondorengoek nahi dutena!