Hizkuntzari eta kulturari eutsi nahian

Erabiltzailearen aurpegia

Badira urte batzuk Durangaldeko zenbait lagun Kolonbiako Caucako nasa herriarekin hizkuntza biziberritzeko esperientziak eta ezagutzak trukatzen ari garela. Trukea Toribioko udaleko nasekin egiten da, bereziki Nasa Yuwe Hariko hizkuntza sustatzaileekin eta Wasakkwêwe’sx izeneko murgilketa ereduko eskoletako irakasleekin eta gurasoekin.

Toribion 38.000 nasa inguru bizi dira, eta berrogei urtetik gorako gehienek jatorrizko hizkuntza badakiten arren, guraso gazte eta ume gutxik dakite. Horrexegatik, 2012an 10 haurren gurasoek abiarazi zuten lehen Wasakkwêwe’sx eskola, Nasa Yuwe-a berreskuratzeko. Lau urte pasatu dira eta gaur badira 3 Wasakkwêwe’sx eta ea 100 haur eta gaztetxo, eta datorren urtean beste hiru zabaldu nahi dituzte. Guraso gazte askok nahi du bere seme-alabek jatorrizko hizkuntza ikas dezaten. Helduentzako eskolak ere antolatu dituzte, eta urtero handitzen da ikasi nahi duten helduen kopurua. Aurten hizkuntza-plangintza ere diseinatzen ari dira, datorren urtean abiarazteko.

Oro har, metodologian, plangintzan, materialgintzan eta trebakuntzan laguntzea eskatzen digute. Zeregin horietan joaten dira euskaldunak esperientziak eta ezagutza trukatzera, opor garaian, borondate hutsez. Eurek mendeetan jasotako jakituria eskaintzen digute, naturarekin biziz metatu duten ezagutza.

Oraingoan eskaera zehatza egin digute. Publikoki eskerrak eman nahi dizkiete eurekin partekatzera joaten diren euskaldunei, eta baita hori guzti hori egia izan dadin laguntza ematen duten erakundeei, bereziki Durangoko Udalari.

Deia egin nahi dut herrien arteko elkartasuna sendotu dadin eta bide honi eutsi diezaiogun.