500 euroko isuna berriztarra izatearren

Erabiltzailearen aurpegia

Bai, halaxe da! 4.000 berriztarrek 500na euro jarri beharko dugu Epaitegi batek Berrizko Udalari jarritako isuna kitatzeko.

Nonbait, 2003an Berrizko Udalbatzarrak Abaroa enpresari eman zion udal-esleipena herri-lurretan etxeak eraikitzeko, nahiz Abaroak ez aurkeztu beharrezkoak ziren agiriak, nahiz Euskadiko Kontu Epaitegiak prozesuan zehar behin baino gehiagotan ohartarazi esleipena ez zela egokia. Hori EAJk gehiengo absolutua zuenean.

Enkantera aurkeztutako beste enpresak muturrera eroan du bere eskubidea, eta arrazoia eman dio Epaitegiak. Orain, 1.823.525€ kaltetan ordaindu behar dio Berrizko Udalak eta, horrez gain, zenbait epai-kostu eta interes ere.

Honen aurrean isiltasuna da nagusi, salbuespenak salbuespen. Berriztar asko prest ei da dirua jartzeko. Erantzule politiko eta administratiboak isilik, eta erantzukizunik bereganatu barik. Euskadik munduko kudeatzailerik onenak dituela aldarrikatzen dutenek, bitartean, Gasteizko Udaleko kudeaketagatik Marotori eta Alonsori jarri dieten 393.000 euroko isuna gora eta behera. Antza, gutxiagorako da Berrizkoa. Antza, Berrizkoak ez du garrantzirik. Antza, Berrizkoa gure-gureek egin dute, eta barkatu egin behar zaie. Antza, oker txikia baino ez da. Antza, kasu hau hobe dugu isiltzea. Antza, EITBn eta Euskadi Irratian ez dakite ezer.

Zilegi al da gehiengo absolutua duen alderdiak bere jokabide maltzurra eta okerra herritarrei ezartzea? Zein demokrazia da hori? Euskadiko Marbella ote Berriz? Noizko dimisioak? Honen aurrean, zer egin behar dugu berriztarrok?

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.