Antzina jabetu nintzen gaia ez dagoela hain garbi, nire amama durangar elebakarrari bere buruaz aritzen zenean –k atzizkidun adizkiak erabiltzen behin eta berriro entzuten nion eta. Lehenengoz, erratu zela pentsatu nuen. Baina laster ohartu nintzen era sistematikoan egiten zuela. Gero, beste emakume nagusi zenbaiti ere gauza bera entzun nien, Durangaldean.
Emakume alfabetatu askori galdetuz, eurek estandarrean esplikatzen den eran egiten dutela esan didate behin eta berriro.
Lehengo batean, hara non atxondar emakume bati gauza bera entzuten diodan! Gauzak argitze aldera zera esan zidan: Arratiakoa naiz eta Atxondora gaztetan etortzean ikasi nuen hitanoa.
Zer gertatzen ote da, beraz? Deskribaketa desegokia egin ote da hitanoaz? Ez ote da –k marka orokorra (eta ez gizonezkoei zuzendua) eta –n marka hizketa-laguna emakumea bada? Guztiz desberdina da horrela ikusiz gero, edo maskulinoa eta femeninoa bereizteko direla esatea. Hizkuntzetan, oro har, forma ez-markatuari forma markatua kontrajartzen zaio, eta kontu gutxi dira sexu-bereizketari lotutakoak.
Badirudi kontu hau ere aldatu dugula, berezko gramatikaren ezaugarriaren gainetik deskribaketa desegokia eta ideologia jarriz.