Ez naiz ni hasiko gizakiok edo giza-taldeok hitzak asmatzeko eta proposatzeko eskubiderik ez dugula aldarrikatzen, hitzak asmatzeko daukagun gaitasunari esker euskarak eguneko gizartera moldatzea lortu du-eta azkeneko 50 urteetan. Ez dakit zer gertatuko den gizarte hitzaren multzoko jator-kideekin. Ez dakit jendarte hitza gizarte hitzaren ordez proposatzen dutenek zer dioten gizabanako, gizaberritu, gizabide, gizadi, gizagajo, gizaki, gizaldi, gizalege, gizartekotu edo gizatasun hitzei buruz. Baina ez dut ezkutatuko kezkatu egiten nauela. Are gehiago kezkatzen nau, inoiz, kasu bakanetan entzun dudan argudioak, matxista ei dela hitza. Ez dut uste hitzak matxistak direnik, gizakiok baino. Pentsatzen dut eskubidea dagoen moduan hitzak asmatzeko, proposatzeko eta erabiltzeko, eskubidea izango dugula guztiok balizko jatorritik hitzak ateratzeko eta esanahi berria emateko, gaur hiztegietan gizarte hitzari ematen zaion legez. Beste kezka bat ere badut. Nondik ote dator jendarte hitza? Gens latinez, erromatarren garaian behintzat, tribu hitzaren baliokidea ei zen, Erromako gensak oso demokratikoak eta genero-ekitatearen aldeko sutsuak zirenean.