Desjabetzeak eta lapurretak

Gure herriak oroimen sendoa izango balu, gogoan izango luke, geurean, historian hamaika desjabetze eta lapurreta gertatu direla, herriarena ebatsiz eta herritarrena kenduz.


Desjabetzeak eta lapurretak ez dira gaurkoak. Faxismoak ere makina bat egin zituen, erakunde publikoenak, elkarteenak eta herritarrenak zirenak bereganatuz, edo faxistei eta euren lagunei eskainiz. Horietako asko geure gogoan daude oraindik. Naziek ere desjabetu zuten Parisen Eusko Jaurlaritzaren egoitza zena, eta egun, Espainiako Gobernuari itzuli ostean, Cervantes Institutuaren egoitza dago bertan. Lehenago ere gertatu izan dira desjabetzeak eta lapurretak, karlistaldi izenekin ezagututako borroka garaietan edo Mendizabalen desamortizazio dekretuari esker. Antzinakoagoak ere badira, noski.

Bitxia da desjabetze eta lapurretak erregealdietan, diktadura aldietan zein ustezko demokrazian gertatu direla ikustea; gainera, iparrean zein hegoan. Ahaztu barik, Elizak ere bereak egin dituela; esaterako, Nafarroan bere izenean jarri ditu hainbat jabego.

Gero, horietako asko norbanakoengana heldu dira, legeak eta demokraziak ugazaba berriak babestu eta bedeinkatzen dituela. Hamarkada batzuetara, normaltasun osoz, ugazaba berrien ondorengoek ahaztu edo mozorrotu egiten dute euren ondarearen nondik norakoa. Legeak ere moldatu egiten dira, behar izanez gero. Dena legearen babesean eta modu demokratikoan egiten da.

Gaur ere desjabetze baten aurrean gaude, kasu honetan herri elkarteen aurka. Baina ez dugu ahaztu behar herri elkarte horiek osatuz herritar ugari daudela, eta herria herritarrok osatzen dugula.

Haatik, #HerrikoakLibre, #IntxaurreLibre, #CastetLibre, #PortalekuaLibre, #BelatxikietaLibre

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!