Baina bitxia izan da ekintza genozida hori ahazteko herritar askok izan duten gogoa. Ahaztuz gero, ez ei zen gertatu. Kontatu ezik, ez ei zuten bizi. Ez dugu hausnarketa kolektiborik egin, eta ez dugu ulertu bonbardaketaren helburua ez zirela gorriak edo sinesgabeak izan, herritar guztiak baizik. Ez al da ikaragarriena zilegitasunik eta arrazoirik gabeko beldurra? Zer da eraginkorragoa pertsonak beldurtzeko errepresio indiskriminatua baino?
Eta horrela jarraitzen dugu, ahanzturaren biltegia elikatzen. Non oroitzen da Durangoko bonbardaketa? Hilerrian. Elizpeko plakaren tamainaren neurrikoa izan al zen gure herriak jasan zuena?
Baina gogoan izan behar dugu bonbardaketa ez zela izan faxisten errepresio indiskriminatu bakarra. Ezta durangarrek ahaztutako bakarra ere. Hor ditugu fusilamenduak, fusilamendu indiskriminatuak. Gaur Abadiñon bizi zen durangar batena ekarriko dut hona. Abadiñon egundo ez zaio ezer aitortu; Durangon, gutxi eta berandu. Jose Maria Angulo Arroitajauregi Derion fusilatu zuten 1937ko abuztuaren 5ean. Arrazoiak: nacionalista exaltado eta Abadiñoko Defentsa Batzordeburua izatea.
Arlo honetan bada garaia herri ekimenetik eta erakundeetatik datozen indarrak elkartzeko eta duintasunezko eta justiziazko kontakizuna bideratzeko eta zabaltzeko.