Hizkuntza eta herrigintza

Normalduak deituriko gizarte elebakarretan (hurrengorako utziko dut zergatik, nire ustez, okerra den gizarte elebakarrari normaldu etiketa ezartzea) hizkuntzaren inguruko eztabaidak ez du tokirik herrigintzan, edo oso toki murritza du; izan ere, gizarte elebakarretan norberaren hizkuntzaren aldeko hautua egitea jatea, edatea edo arnasa hartzea bezalako ekintza automata baita.


Gure gizartean, ostera, makina eztabaida egiten dugu euskarak herrigintzan izan beharko lukeen tokiaz. Laburbildurik, bi muturretako jarrerak hauexek dira: a) euskara despolitizatu behar da (orain arte oso politizatua egon delako); euskarak denon ondare eta denon ardura izan beharko luke; b) botere-maila handia (independentzia?) lortuz baino ez du konponbiderik izango euskararen auziak, eta beraz, borroka politikoa eta hizkuntza-borroka lotu beharra dago.

Euskara ez dela indar politiko edo ideologia politiko baten esklusibitatea argi dago, herriarena eta herritarrena da eta. Baina, herriarena den neurrian badu sarbidea politikan, behintzat politika zentzu zabalean hartzen badugu. Are gehiago, euskarak badu politikaren beharra, besteak beste, mendeetan zehar politika eta botere maltzurrak aurka izan dituelako.

Baina euskarak politika behar duela esateak ez dakar euskara politikakeriaren ardatza izan beharko lukeela, alderantziz baizik. Euskarak alderdi politikoen eztabaidatik at egon beharko luke. Bada garaia hizkuntza-politikaren oinarririk sendoenak alderdi politikoek, administrazioek eta herrigintzak adosteko. Bada garaia hizkuntza-politikaren oinarriak eztabaidatik at uzteko eta euskararen inguruan etorkizun-ikuspegia bateratua izateko! Baina horretarako beharrezkoa da norberaren desio sakonenak gizartearen prospektibaren galbahetik iragaztea ere.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!