Kolonbia: FARC taldea eta CRIC Mungimendu Indigena

Arras konplexua da Kolonbian gertatzen ari dena zutabeon azaltzea. Ez da hori nire asmoa, inondik ere. Baina bai hemengo prentsak azaltzen ez duen alderdia hona ekartzea, bizi izatea egokitu zaidana.


Hiruzpalau urte daroaguz Caucako nasekin hizkuntza-biziberritze kontuetan esperientzia eta prestakuntza elkar trukatzen. Sendoa eta entzutetsua da nasa indigenen erakundea, CRIC deritzana (www.cric-colombia.org/). Berrogeitaka urteko borroka latza eta hainbat lorpen milaka indigena hilik utzita bidean: lurren berreskurapena, Zaintza Indigenaren eratzea, Zuzenbide Indigena,…

Gogor dihardute indigenek lortutakoari eusten eta dagokiena eskatzen. Baina Kolonbiako armadak, paramilitarrak, narkotrafikoak eta gainerako talde armatuek sarri sartzen dira Lurraldean mehatxatzen eta hiltzen. 80ko hamarkadatik FARC taldearekin ere bizi dute gatazka, bereziki talde horrek amapola, koka eta marihuana Lurralde Indigenan haztea erabaki zuenetik. CRICek ez du halakorik nahi bere Lurraldean, zenbait herritarren desintegrazioa dakarrelako, edozein talde armatuk aitzakia duelako bertara sartzeko,…

Zaintza Indigena arma barik ari da Lurraldea zaintzen, eta sarri ditu borrokak talde armatuekin. Borroka gorriak izan dituzte armadaren aurka, baina ni FARCekoekin duten konponezinak ikaratu nau. FARCek hainbat indigena hil ditu azkeneko urteetan; kontu jakina Kolonbia osoan. Azkenekoa azaroaren 5ean Toribioko Babesgunean gertatutakoa da: bertoko Zaintza Indigenako Koordinatzailea eta beste kide bat hil zituzten, gu formakuntza batean ari ginen tokitik oso hur. Formakuntzan ari ziren guztiek ezagutzen zituzten hildakoak. Ikaragarria eta ulertezina niretzat, nola hil daitezke arma bako indigenak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!