2012an hasi zen 7 umerekin eta 2013an 30 ume ari dira bertan. Guztira 3 irakasle, koordinatzailea, jatorrizko kulturaren arduraduna eta sukaldaria ari dira, Thê’ walaren gidaritza eta jatorrizko hizkuntzaren eragileetako baten aholkularitza dutela.
Ahalegin berezia egiten ari dira. Arduradun nasek badakite garrantzia handikoa dela esperientzia pilotu hau era arrakastatsuan gauzatzea. Oihartzun handia izan dute, nahiz bi urte baino ez izan proiektuak. Eskualde horretan datorren urtean 10 Luucx Le’sxkwe berri ireki nahi dituzte 300 umerentzat, beti ere gurasoek aukeratutako bidea izanik.
Ohiko eskoletan nasa yuwe hizkuntzak leku gutxi du, 2 edo 3 ordu astero, kasurik onenean. Gainera, hizkuntza eta kultura galtzen ari dira inguru horretan. Jatorrizko hizkuntza %20k baino ez daki, bereziki nagusiek eta helduek. Haatik, guraso gazteek euren seme-alabek berreskuratu dezaten nahi dute.
Ibaizabal Ikastolako Rosaren eta Rosiren zeregina bertako irakasle eta langileen prestakuntza pedagogikoa sendotzea izan da, iaz hasitako bidetik: hezkuntza proiektuaren programazioa antolatzen eta egituratzen, baliabide didaktikoak bilatzen eta prestatzen eta gurasoen formazioa eta parte hartzea bultzatzen. Hori guzti hori hainbat durangarren, euskaldunen eta Durangoko Udalaren laguntzaz. Eskerrik asko guztiei!