Çxhab Wala Kiwe eskualdean ia ez dago 30 urtetik beherakorik hizkuntza dakienik, eta eten egin da hizkuntzaren transmisioa. Nasa Üus eskualdean 20 urtetik beherakoek ulertzen dute, baina gehienek ez darabilte. Dxiite Kiwe-n umeak eta gazteak ikusi ditut euren hizkuntzan jolasten. Zenbat eta hurrago Bogotatik Calira doan errepidetik eta hizkuntza galduago.
Nola liteke? Nasa herria baztertu egin dute mendietara, lur latzenak lantzera. 1973ra arte ez zuten jabego eskubiderik, eta lur-jabe handientzat egin behar izaten zuten lan lursail txiki baten alokairuaren truke, feudalismoan bezala. Bozkatzeko eskubiderik ere ez zuten. Antolatu egin ziren, gogor borrokatu, latz ordaindu (ehunka hildako), eta gaur erakunde errespetatuak eta ondo eratuak dituzte (CRIC, www.cric-colombia.org). Halere, bortizkeria nagusi da nasen lurraldean: narkotrafikoa, paramilitarrak, armada, gerrilla. Denak alde egin dezaten eskatzen dute.
Hizkuntza eta identitatea jagon eta landu nahi dute, baina eskolaren, hedabideen, administrazioaren eta ideologia nagusiaren bidez gaztelaniatze ikaragarria ari dira gertatzen.
Euskal Herriko Garabide elkarteari laguntza eskatu diote, hizkuntza biziberritzeko estrategietan trebatzeko. Durangoko Udalak lagundu egiten du, eta iaz, udan, bi irakasle izan ziren bertan nasa yuwe eragileak eta irakasleak trebatzen. Aurten berriro abiatuko dira beste bi lankide durangar. Dagoeneko abian jarri dute lehen ikastola, Luucx Le’cxkwe, 7 urtez beherako umeentzat. Gure laguntza behar eta nahi dute!