Euskaldunok ez ezik, ehunka hizkuntza gutxitudun herrietan ere prozesu bertsua edo oso antzekoa gertatu da, gertatzen ari da. Zergatik ez gatzaizkio jatorrizko hizkuntzari atxikitzen? Zergatik ez diegu gure seme-alabei gure hizkuntza transmititzen?
Gure hizkuntza eta kultura hutsaren hurrengoak direla esaten digute agintariek, hedabide handiek, boteretsuek eta ideologia ezartzaileek. Gainera, jatorrizko hizkuntzaz eta kulturaz gure ondorengoek ez dutela etorkizunik izango behin eta berriro esaten digute. Beraz, gure seme-alabek guk ezagutu dugun bazterketa, marjinazioa eta gutxiestea bizi dezaten nahi ez dugunez, boteretsuen hizkuntzaz eta kulturaz jabetzea erabakitzen dugu.
Bazterketak, marjinazioak eta gutxiesteak eroaten ditu hiztunak jatorrizko hizkuntza eta kultura bertan behera uztera, mespretxatzera, norberarena bezala ez sentitzera. Atxikimendua galtzen dute hiztunek eta jatorriarekiko arbuioa barneratzen dute: “Ni ez naiz maputxea, gure ama izan zen; indigenak landa eremuetako nekazari pobreak dira (eta gu, ikusten duzun legez, hiriko auzo pobreetan bizi gara)”; eta abar.
Zertaz ari gara, beraz? Hizkuntza gutxituak izango dira, dudarik ez, baina zemaituak ere badira, boteretsuek zemaituak, era guztietako zemaitzaileek zemaituak.
Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak, ez bada abaildu eta oholetan. Ez du niniak begia uzten, ez bada erroi edo arrubioen mokoetan, dio Sarrionandiak.
Oharra: zemai, mehatxu; zemaitu, mehatxatu (Euskaltzaindia, 2012); Lakarraren (2013) ustez gaztelania zaharreko menazatik ei dator; nik duda dut ez ote datorren ze bai adierazpenetik.