Harreman arriskutsuak

Urte batzuk ditugunok, erraz gogoratuko dogu John Malkovich-en film hau, gaztelaniaz Amistades peligrosas gisa itzuli zana. Kontakizunaren oinarrian XVIII. mendeko noble bien arteko norgehiagoka dago, hau da, euren arteko lehia, iruzurrez betea, beste batzuen mendekotasuna engainuen bidez lortzeko

\"\"Urte batzuk ditugunok, erraz gogoratuko dogu John Malkovich-en film hau, gaztelaniaz Amistades peligrosas gisa itzuli zana. Kontakizunaren oinarrian XVIII. mendeko noble bien arteko norgehiagoka dago, hau da, euren arteko lehia, iruzurrez betea, beste batzuen mendekotasuna engainuen bidez lortzeko.

 

Arestian film hau etorri jat burura, zergaitik-eta egunokaz, ez dakit arriskutsuak ete, baina bai arraro samarrak diren harremanak plazaratu (loratu esan behar?) egin jakuzalako gure herrian, Durangon, alegia. Bai, noski, PSEren eta Bilduren anaitasun barriari buruz ari naz, bai. Eta, aldez aurretik, badaezpada be, zilegitasun osoz jokatzen dabela adierazi nahi dot. Argi eta garbi daukagu hori demokrazian sinesmena izan eta bide demokratikoan 100 urte baino gehiago emon dogunok. Alabaina, aldi berean, gure txundidura be jendaurrean azaldu beharra daukagu: garai batean alkarri mokoka ibilitakoak gaur egun alkarregaz aurkezten dabez ekimenak. Bai, irakurle harritua; ez dabe, ez, ezezko botoa emotean “koinziditzen”, edota bat-batean iritzien bateragarritasuna agertzen; ez, sozialisten eta bildutarren logoak agiri berera batuta, batera aurkezten dabez proposamenak. Ez dira jada gehiago batzuk “espainolak” eta besteak “radikalak” izango. Adiskidetasunaren ildoa topatu dabe nonbait.

 

Hainbeste eta hainbeste entzun behar izan eta gero, norberari kritikatutakoa besteek egiteak harridura sortzen deusku, guri eta, logikoa danez, alderdi bi horien hautesleriari. Ulertuko ei dabe? Eta horrenbesteko identifikazio maila, batzuen eta besteen artean, zergaitik orain? Eta zergaitik horrenbesteko oldarkortasuna jeltzaleen kontra? Erantzuna oso erraza da: azken hauteskundeetako EAJren emaitza onek bi indar politiko horien kezka piztu dabe, gehienbat, gure herri honetan. Edozelan be, guk gure lanari ekingo deutsogu betiko legez eta, urriko hauteskundeak mintzagai, EAJren izenean, eskerrik asko Durango eta eskerrik asko Durangaldea!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!