Irakurle estimatua, eskuetan daukazu hauteskundeak baino lehenagoko azken zutabe politikoa. Kanpainan, Anbotoko lagunen erabaki zentzudunaren arabera, ez da halakorik egongo. Logika osoz gainera. Hauxe da, bada, Hauteskunde Autonomikoei buruz zuretzat, irakurle prestuarentzat, aldez aurretik idazteko izango dodan azken abagunea.
Dakizunez, irakurle zintzoa, Hauteskunde hauetan Eusko Jaurlaritza nork kudeatuko daben baino askoz gehiago dago erabakitzeko. Gure etorkizuna dago eztabaidagai. Gure Aberria aurrera eroateko asmoa eta berau egiteko bidea dago aukeran. Eta begibistakoak dira alderdi politikoen proposamenak. Dagoeneko nabariak dira bakoitzaren proposamenak, eginak eta, batzuen kasuan, bete gabeko promesak.
Alabaina, oraindik argi ez dagoena zera da: zer gertatuko da urriaren 22an? Zeintzuk izango dira alderdien arteko itunak boterea lortu edo mantentzeko? Lau urte gehiago eskatzen dabe sozialistek. Aurrekoan PPri lotuta lortu eben boterea, nahiz eta aurretik kontrako jarrera sutsua erakutsi. Oraingoan, norekin? EH Bildurekin? Irakurle zintzoak ezetz esango leuke, baina hor dago errealitatea. Gure herrian, Durangon, hainbat bider erakutsi dabe EAJren kontra egiteak (herritarren interes orokorra ahaztuta, noski) PSE eta Ezker Abertzalea batzen dituela. Eta ez soilik kontrako botoa emotean ‘koinziditzen’ dabelako, baizik eta elkarrekin mozioak sinatzen dabezelako. Bat eginda, irakurle maitea. PSEk, hauteskunde garaian, lagun berriak egiteko gaitasun aparta erakusten dau. Ezker Abertzaleak, tradizionalak eta besteak, demokraziaren eta lege-esparruaren bidea topatu dau oraintsu, eta EAJ gainditzeko ia edozer egiteko prest dago.
Eta, sasi horien guztien gainetik, jeltzaleok, Aberriari zor deutsogun erantzukizuna eta ardura eskaintzen dogu. Gure Aberria bakarra da, eta egungo egoera ekonomikoarekin sufritzen ari da, herritarrak sufritzen ari dira. Ez dogu inoren kontra egin nahi, Aberriaren alde baizik. Irakurle argia, Euskadi bezpiztu!