Irailaren 25eko hauteskundeen inguruko gogoeta

Pasa den domekan EAEn izan genituen hauteskunde autonomikoek titular asko utzi dizkigute eta, jakina, hori horrela izanda, erkidego honetako euskal gizartearen portaera aztertzerakoan alderdi guztiek nahiko lan izango dute. Gu, gure aldetik, saiatuko gara alderdi bakoitzak izan dituen emaitzen inguruan ideia batzuk plazaratzen; ondoren, hemendik aurrera izan daitezkeen egoera posibleak gainbegiratzeko.

EAJ

Lehenik eta behin esan beharra dago, eta horretan ez dago zalantzarik, EAJk atera dituen emaitzak egundokoak izan direla. 75etik 29 eserleku eskuratu ditu. Herrialde guztietan nagusitu egin da, eta baita Donostian, Bilbon eta Gasteizen ere. Hala ere, bere nagusitasuna ez da neurri berekoa izan toki guztietan; adibidez, Gipuzkoan 18.000 bozka besterik ez dizkio atera bigarren alderdiari (EH Bilduri), Bizkaian, berriz, 140.000 bozka bigarrenari (berriro EH Bilduri).

EAJk Bilbon soilik 70.000 bozka lortu ditu. Benetan itzela ateratakoa, bigarrenak baino hiru bider boto gehiago.

Hori gutxi balitz, 2012.eko EAEko hauteskundeekin alderatuta, EAJk 12.000 bozka irabazi ditu. Kontuan izanik garai hartan Elkarrekin Ahal Dugu alderdia existitzen ez zela, meritu handiagoa dute emaitza horiek.

Hiru hiriburuetatik aparte, EAJ hamalau herri handitan ere nagusitu da; besteak beste, Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin, Getxon, Galdakaon, Durangon, Irunen, Eibarren, Zarautzen, Tolosan, Laudion edo Agurainen.

Bere boto-emaileak adin guztietakoak izan dira, eta gazteen aldetik ere izugarrizko emaitzak lortu ditu. Gainera, EAJko boto-emaileak oso esparru zabaletik datoz: batzuk abertzaletasunetik, beste batzuk Alderdi Popularretik zein PSE-EEtik, eta espainiar hauteskundeetan Elkarrekin Ahal Dugu alderdiari botoa eman diotenak ere badira. EAJk kaladero guztietan arrantza egin du, abstentzioak barne.

Horiek horrela, Eusko Alderdi Jeltzaleari aurreikusten zaion panorama inoiz baino erosoagoa izan daiteke, geometria aldagarria kontuan izanik. Ateratako 29 eserlekuei PSE-EEren 9 eserlekuak gehituz gero, oso erraz berretsi ahal izango du Batzar Nagusietan eta zenbait udaletxetan bi alderdien arteko akordioa.

Hala ere, esan beharra dago Bizkaian EAJk 80 botoen aldearekin kendu diola eserleku bat EH Bilduri. Beraz, postaz bozkatutako botoak zenbatu beharko dira, jakiteko norentzat izango den azken eserleku hori. Eserleku hori koalizio abertzalearentzat izango balitz, egoera horrek interesanteago jarriko luke tablero politikoa, beste alderdi baten laguntza ezinbestekoa izan beharko litzatekeelako gehiengo osoa lortzeko (38 eserleku).

EAJko buruzagiek kanpainan zehar herri akordioen alde jokatuko dutela adierazi dute. Hori horrela balitz, jokoa gehiago zabalduko litzateke, batez ere kontuan izanik legebiltzar honetan erabakitzeko eskubidearen alde daudenak ehuneko hirurogeita hamazazpia direla eta, gainera, estreinakoz hori ez dute bakarrik abertzaleek soilik defendatuko. Elkarrekin Ahal Dugu alderdia ere horren alde agertu da eta horrek ditxosozko transbertsalitatea egia bihurtuko luke.

Hemendik aurrera aukera guztiak posible izango dira, baina EAJk izan dituen emaitzak kontuan harturik, argi dago berak markatuko dituela erritmoak eta baita norabidea ere.

EAJ gobernuan egon izanak ez du batere ahuldu, aitzitik, hauspoa eman diola esan daiteke. Giulio Andreotti-k arrazoi zuen; izan ere, botereak baino gehiago ahultzen omen du oposizioan egoteak.

Bukatzeko, Urkulluren ikurraren inguruan zerbait esatea merezi duela uste dut. Populistek eta politika ikuskizun gisa ulertzen dutenek, politikan aritzeko lidergo karismatikoa beharrezkoa dela esaten badute ere, Urkulluk agerian utzi du gure herrian kontuak desberdinak direla. Hemen jendeak nahiago du beste profil bat. Bera ez da izango pertsonarik alaiena, baina hauteskunde hauetako boto-emaile gehienek Iñigo Urkullu egonkortasunarekin eta konfiantzarekin lotu izan dute, nahiz eta politiko karismatikoa ez izan.

EH BILDU.

EH Bilduk hamazazpi eserleku atera ditu. Elkarrekin Ahal Dugu ez zegoen aurreko legealditik, lau galdu ditu, eta esan beharra dago emaitza ona izan dela ezker soberanistarentzat, kontuan izanik azken hiru hauteskundeetakoak ez direla batere onak izan EH Bildurentzat.

Gipuzkoan lortutako botoak aipatzerakoan, berriz, onartu behar da EH Bilduk ongi eutsi diola EAJren tsunamiari, duintasun handiz 8 eserleku lortuz. Arabako emaitzak ere azpimarragarriak dira, PSE–EE eta Elkarrekin Ahal Dugu alderdien aurretik geratu delako.

Bizkaian, berriz, EH Bilduren emaitzak ez dira koalizioak espero zituenak izan. EAJk 175.000 bozka atera dizkio EH Bilduri, eta horietatik 145.000 Bizkaian izan dira. Durangaldean, Lea Artibain eta Arratian izan ezik, EH Bildu Bizkaiko herri nagusi gehienetan laugarren indarra da; esaterako, Ezkerraldean, Basaurin eta Bilbon. Getxon, berriz, hirugarrena da.

Nire uste apalean hauxe da EH Bilduren arazo nagusia, batik bat, aldizkatze sinesgarri eta eraginkorra eraiki nahi baldin badu. Azkenean, badirudi Bizkaiko herri nagusi horietan EH Bildukoak izan zitezkeen boto-emaileek Elkarrekin Ahal Dugu alderdian topatu dutela babesa eta, aurrerantzean, zaila izango da hain abertzaleak ez diren zonalde horietan egoera horri buelta ematea.

Arnaldo Otegiren inhabilitazioaren ostean, EH Bilduk egin duen kanpaina korala oso ona izan dela esango nuke. Hiru emakume profesionalen irudiak freskotasuna eta sinesgarritasuna ekarri diote koalizio soberanistari. Akaso, hauteskunde kanpainan bertan lehendakarigai bakarra izendatzea ondo egongo zatekeen, Urkulluren alternatiba zein izan zitekeen hobeto ikusteko (Laura Mintegirekin egin zuten moduan). Dena den, badirudi independenteen ikurrak oso emaitza ona eman diola EH Bilduri eta proiektu errotu baten irudia ekarri diola independentismoari.

Hala ere, hauteskundeen emaitzak onak badira ere, EAEn 225.000 bozka ez dira nahikoak EAJri hegemonia disputatzeko, baina agian ondo kudeatuta, nahikoak izan litezke erabakitzeko eskubidea inteligentziaz tablero politikoaren erdian kokatzeko. Inposizio barik eta besteek duten iritzia kontuan izanik, zentzu horretan, Maddalen Iriartek ETBn Urkullurekin izandako eztabaidan zubigintza lana ikaragarri ondo egin zuen, esanez EH Bildu prest zegoela EAJk nahi duen aldebikotasuna esploratzeko, baina horretarako, Madriletik ezetza jaso ondoren EAJk zein urrats emango zuen jakin nahi zuela.

Horrek ez du esan nahi EAJk EH Bilduri zentralitatea betetzen utziko dionik. Baina herrigintza egitea ez da beti alde batek nahi duena egitea, baizik eta egiten dena adostua izatea. Horixe da EH Bilduk daukan erronka nagusienetakoa.

Horretarako, ulertu beharko luke EAJk bere bidea duela eta EH Bilduk eta EAJren tempusak ez direla berdinak. Jakin beharko genukeena da ea helburuak uztargarriak diren.

ELKARREKIN AHAL DUGU

Koalizio honek izan dituen emaitzak ez dira beraiek uste zuten bezain gozoak izan. Denok dakigu euskaldunok desberdin bozkatzen dugula hauteskunde desberdinetan. Podemosen dagoen koalizio honek espainiar parlamentuarekin alderatuta, eta hiru hilabetetan, 180.000 bozka galdu ditu. EAEn lehenengo indar izatetik, hirugarren izatera pasatu da. Argi geratu da hauteskunde orokorretan, Estatu Espainiarrean aldaketaren alde bozkatu zuela eta hemengo hauteskundeetan, berriz, jarraipena (hau da, EAJk indartsuago jarraitzea) nahiago duela.

Koalizioak Bizkaiko ezkerraldean izan ditu emaitzarik onenak. Bigarren indarra izan da hainbat herri urbanotan: Sestaon, Barakaldon… Eta badirudi alderdi sozialistari bozka mordoa kendu dizkiola.

Ez hain abertzaleak diren hainbat tokitan, esan dezakegu, belaunaldi berriak gustura sentitu direla Podemosekin, eta ez hainbeste PSE-EErekin; gainera, EH-Bilduri bozka ematen zion sektore inportante batek (ehuneko hogeia?) Elkarrekin Ahal Dugu alderdian topatu duela bere tokia.

Hala ere, etorkizunari begira Elkarrekin Ahal Duguk arazoak izango ditu familia desberdinak proiektu sendo batean integratzeko eta, hori gutxi balitz, bere etorkizuna Madrilen gertatuko denarekin lotuta egongo da.

Haatik, Elkarrekin Ahal Dugu alderdiak parada paregabea dauka proiektu autonomo bat eraiki ahal izateko eta, horretarako, legegintzaldian zehar aukerak izango ditu bere burua argitzeko, bai erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta baita diskurtso sozio-ekonomikoan ere. Zentzu horretan esan dezakegu inork ez dakiela Elkarrekin Ahal Dugu alderdia zer den, eta bere esparrua finkatzeko orain arte demostratu duena baino askoz gehiago erakutsi beharko duela. Hamaika eserleku horiek zelan kudeatu ere, hori da ikusteke dagoena.

PSE-EE

Zalantza barik PSE-EE izan da hauteskunde honetan porrot handiena jaso duen alderdia. Adibide bat jartzearren, esango genuke Bizkaian ez duela toki batean ere irabazi, eta EAE osoan, Lasarte-Orian soilik lortu duela garaipena.

Bederatzi eserlekurekin geratu da, lehen hamasei zituenean, eta ematen du bere beherakada estrukturala dela eta konponketa zaila daukala.

Hasteko, aipatu dugun moduan, bozka gehienak Elkarrekin Ahal Duguk kendu dizkio eta, gainera, euskal sozialistentzat oso preziatuak diren tokietan, besteak beste, Ermuan, Irunen, Eibarren, Sestaon, Barakaldon… Hala ere, abstentzioak eta, batez ere, EAJra joan diren botoak zenbatezinak izan dira.

Kudeaketarako EAJn jarri dute konfiantza, garai batean sozialistengan jartzen zutena.

Jakina, Madrilen gobernu bat osatzeko erakutsi duten ezintasun politikoa ere garesti ordaindu dute sozialistek.

Esan beharra dago bere kanpaina ere oso eskasa izan dela. Adibide bat jartzearren, euskararen bideoa aipatuko genuke. Lotsagarria.

Batzuetan ematen du PSE-EEk besteengandik desberdintzeko ahaleginetan, galdu egin dituela bere baskismoa eta moderazioa, esaterako, erabakitzeko eskubidearen kontra sutsuki jokatuz.

PSE-EEk hauteskunde hauetan garai bateko profila eman du, konturatu barik erkide autonomoko gizartea ez dela 80garren hamarkadakoa.

Bukatzeko, esan dezakegu EAEn espainiar konstituzionalismoa irrelebantzia politikora kondenatua dela, Katalunian ez bezala (han Ciudadanos indartsu dabil).

PSE-EEk etorkizunari begira gizarte honetan paper eraginkorra izan nahiko balu, berrikusi egin beharko luke bere posizio politikoa tablero berrian.

PP

Irailaren hogeita seian PPk ateratako emaitzak kaskarrak izan arren, esan behar da alderdi horrek garaipen gisa saltzen jakin izan duela. Maria Dolores de Cospedalek eta Alfonso Alonsok euren alderdiak Galizian izandako egundoko emaitza aprobetxatuz, EAEn lortutakoa goraipatzen saiatu dira.

Egia da 2012garreneko hauteskundeekin alderatuz, PPk eserleku bakarra galdu duela, hamarretik bederatzira pasatuz, baina kontuan izan behar da, duela urte batzuk hemeretzi eserleku zituela. Beraz, horrek argi erakusten du PPren joera EAEn.

Gainera, Bizkaian eta Gipuzkoan bosgarren indarra da eta Araban Gasteizko botoei esker soilik lortu du bigarren indarra izatea.

PPren boto-emaile ohi asko eroso sentitzen dira EAJk egiten duen kudeaketarekin eta ez du ematen erraz bueltatuko direnik PPra. Beraz, Espainian gobernatzen duen indarrak EAEko legebiltzarrean azkeneko indarra izaten jarraituko du hurrengo legegintzaldian.

Ciudadanos

Alderdi honen inguruan bakarrik pare bat gogoeta helarazi nahiko nituzke.

Katalunian nazionalismo katalanaren kontra jaiotako mugimenduak EAEn ez du lortu ezta Maneiro buru zen UPyDren emaitzak berdintzea eta, ondorioz, legebiltzarretatik kanpo geratu da.

Badirudi, autogobernua zalantzan jartzen zuten euren ideiek (diputazioak kentzeko hasierako asmoa alboratu behar izan dute) ez dute predikamendu handirik topatu gure artean, eta hemen ordezkaritzarik ez izatea (Galizian ere ez dute lortu legebiltzarrean egotea) arazo handia izango da estatu mailan Albert Riverarentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!