Ni, beste askotan bezala, pentsalari alemanarekin bat nator. Baina, zer esan nahi du heriotzarako garela?
Hasteko, esan behar dugu heriotzak misterioarekin konektatu egiten gaituela. Hala ere, traszendentzian sinesten dutenek ez dakite nora doan gure arima hiltzen garenean. Erlijio guztiek azalpen bat dute heriotzari aurre egiteko; eta kristauek, sintoistek, musulmanek, edota budistek, nahiz eta kategoria desberdinak maneiatu, badakite heriotzarekin hartueman bat izaten. Ateoek eta agnostiko gehienek ere zer gertatzen den azaltzen digute. Materia gara eta materiara bueltatzen garela esaten digute.
Ni, aldiz, ez naute ez batzuek ez besteek konbentzitzen.
Nire inguruan heriotza oso present egon da azkenengo aste hauetan, eta pentsatzen dut heriotza zerbait bada, eskandalua izango litzatekeela, eskandalua delako gure existentziaren bukaera bera. Eta heriotzak ezustean eta era traumatikoan harrapatzen zaituenean, askoz eskandalagarriagoa dela esango nuke.
Gure inguruko norbait goizetik gauera desagertzen denean, ez dago ez teologiarik, ezta terapiarik ere. Umezurtz geratzen gara.