Gaur egun, berriz, teknologia berriei eta, batez ere, sare sozialei esker, hemendik kilometro askora gertatzen denak ematen du hori bera gure alboan gertatzen ari dela;fenomeno hau oso bitxia da, eta bere inplikazio psikologiko zein sozialak oraindik aztertu barik daude.
Izan ere, eta arestian aipatutakoari helduz, hau guztia espektakulu postmodernoarekin lotu genezake, bereziki behin eta berriro azpimarratutako irudiaren inflazio horrek gure gizartearen esperiantzia estetikoaren dislokazioarekin harreman estua du. Halaxe da; adibide bat jartzearren, gure idazleen irudimenari lotutako atrofia itzela ematen ari da, edo, beste era batera esanda, arteak eta literaturak, paradigma berezi honetan, muga berriak eta ezezagunak dituztela erraz baiezta dezakegu.
Jakina, fikzioa eta errealitatea nahasturik agertzen zaizkigunean inongo zalantza barik galtzaile ateratzen dena fikzioa da.
Azken finean, fikziozko artelan batean arreta mantentzea oso zaila egiten zaigu errealitatea fikzio horrek eskaintzen diguna baino askoz interesgarriagoa bada.
Ezaugarri hauek nahitaez kontuan hartu beharko genituzke, sormenaren krisialdiaren inguruko hausnarketa eginkorra egin nahi badugu.
Egia eta sinesgarritasun kontuak alde batera utzita, sormenak beharko lukeen xarma hori galtzen doa hiperrealitateak dena okupatzen duelako. Nire ustez, aura horren galera izango litzateke kulturari globalizazioak ekarri dion elementurik kaltegarriena.