Estatu islamikoa

Duela hilabete batzuk jakin genuen Al-Qaedaren estrategiarekin bat ez zetozen yihadista suni multzo batek Irakentzat eta Levanterentzat Estatu Islamikoa sortu zuela. Al-Qaedarekin gertatzen ez zen bezala, hauek eremu edo lurralde zehatz batean kalifa-herri bat eraiki nahi dute, eta handik jihad edo guda santua bultzatu, eta mundu osora zabaldu.


Ekialdeko gizarteari asko kostatzen zaio hain muturrekoak diren auziak ulertzea, eta, egia esan, normala da, zeren eta nahiz eta gure artean integrista erlijiosoak izan, integrista horiek ez dute inoiz islamiar fanatiko horiek duten determinazio suntsitzailerik izan.

Zer egin daiteke fenomeno hauek ulertzeko eta, aldi berean, horien kontra borrokatzeko?
Bada, zoritxarrez, Palestinako, Euskal Herriko, Kolonbiako, Kataluniako eta Saharako  gatazkekin gertatzen ez den bezala, Estatu Islamikoarekin ez dago ezer negoziatzerik, zeren eta mujahidin hauek euren taldekoak ez diren beste guztiak akatu egin nahi dituzte, eta xaria (lege islamiarra) zorrozki inposatu ere bai.

Beraz, eta gure artean biziki popularra ez den arren, mundu zibilizatuek, musulmanak diren estatu askorekin batera, beraien esku dagoen guztia egin beharko lukete Estatu Islamikoaren egitura estrategikoak lehen baino lehen desegiteko eta zapuzteko. XXI. mendean ez da onargarria Estatu Islamikoak ordezkatzen duen basakeria planifikatua onartzea. Eta, jakina, honek ez du zerikusirik Israelek edo AEBek egiten dituzten beste barbaridade batzuekin, Estatu Islamikoa desagerraraztea edozein ikuspegitatik begiratuta justua baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!