Birdefinitzen

Seguru aski gure parajean demokrazia izango da gehien entzuten dugun hitza, edo behintzat entzunetarikoa. Mundu guztiak bereganatu nahi du kontzeptu horrek duen esanahia, eta sarri terminoa era maltzurrean erabiltzen da, batez ere, gure posizioak demokratikoak balira bezala finkatu nahi ditugunean; eta jakina, besteek duten iritziak deskalifikatzeko, ez demokratikoak direlako.


Kontzeptu edo kategoria potoloak erabiltzeak (askatasuna, edertasuna, ongia, egia) unibertso hermeneutiko anitzetara eramaten gaitu, eta joera dago gutariko bakoitzak nahi duen erara interpretatzeko. Autonomia edo subjektibotasun ariketa gisa ondo egon daiteke, norberak nahi dituen erreferentziak hartzea nahi duena irudikatzeko. Baina, izakiaren komunikazio ezaren arazoa alde batera utzita, demokraziak ematen ez zaion tratamendu fina merezi du. Hala eta guztiz, esan beharra dago demokrazia ez dela jendeak eskematikoki pentsatzen duena bakarrik.


Izan ere, demokrazia ez da soilik gehiengoak esaten duena onartzea, demokrazia ez da soilik gutxiengoari zor zaion errespetua eta bidea eskaintzea. Demokrazia ez da subjektu politiko erabakitzailea definitzea. Demokrazia ez da soilik batzuen legea edo besteena errespetatzea (nahiz eta onartu behar den lege barik ez dagoela demokraziarik). Demokraziak ez du zerikusirik populismoarekin, ezta bere etimologiari lotutako definizio erdipurdikoarekin ere, eta demokrazia ez da soilik adostasunean elkarbizitza antolatzea.


Demokrazia desideratum bat da, eta baita egitura ere. Demokrazia  ideien lehia da, eta beti gehiengoak defenditzen dituen ideiak ez dira ez onenak, ez justuenak. Horregatik, demokrazia logosean oinarrituta dago, eta logosa ez da soilik arrazoia erabiltzea (denok egiten dugu hori), baizik eta arrazoi argudiatuaz baliatzea. Demokrazia, batez ere, hori da, zure ideiak lehian jartzea eta besteek proposatzen dituztenak baino argudio hobeak mahaigaineratzea. Eta besteenak hobeak badira, haiek onartzea.


Sasipolitika larri dabil gure inguruan, baina baiezta genezake ez hemen eta ez han, gure agintariek ez dakitela ezer filosofia politikoaz. Hau lotsa eta beldurra!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!