Inertziak

Sarritan, nahiz eta askotan ez ohartarazi, inertziek markatzen dute gure ibilbide existentziala. Halaxe izaten da. Adibide bakar batzuk aipatzearren, gure bikotekidearekin daukagun hartu-emana, familiarekin dugun tratua, edota lagunekin egoteko daukagun portaera nabarmenduko genituzke.


Horiek guztiak, norberaren lantokian sortzen diren inertziekin batera, izango lirateke zalantza barik gure bizimodua bereziki markatzen dutenak.


Seguruenik, inertzia hitza erabiltzen dugun bakoitzean, denok dakigu gutxi gorabehera zertaz ari garen. Hala ere, komeni da, badaezpada ere, ditxosozko terminoa pixka bat gehiago zehaztea.


Jakina, arestian aipatu ditudan testuinguru horietan guztietan inertzia ez litzateke soilik norberak propio sortutako zerbait izango, baizik eta pertsona eta egoera desberdinen artean sortarazten diren joerak eta egoerak.


Inertziek ustezko ezaugarri bat dutela dirudi, hain zuzen ere, aldaezinak bihurtzen zaizkigula.
Hala ere, norabide bikoitzeko inertzia horiek aldatu nahi baditugu, bi alderen parte-hartzea beharrezkoa dugu; osterantzean, alde batetik bakarrik aldatzeko konpromisoa egonez gero, aldebakartasunak berez dituen akatsak izango lituzke eta denok dakigu egoera horiek zelako egonezinak sortaraz ditzaketen.
Dena den, badaude beste inertzia batzuk ere garrantzitsuak direnak, eta egunerokotasunari lotutakoak: sedentarismoa, elikadura desegokia eta ohitura ez osasuntsuak izango lirateke seguruenik ezagunenetarikoak.
Baina, egia esateko, nik gaur, hemen, komentatutako inertzia guztien gainetik, bakar batean arreta jarri nahiko nuke, nire ustetan, beste guztiekin alderatuz gero, inertziarik kaltegarriena eta barkaezinena izango dena. Alegia, norberak bere burua ispiluaren aurrean islatuta ikusten duenean, bere buruarekiko egiten dituen tranpak. Heldutasunik gabeko engainu onartezin horiek, jainkoak baleude, inoiz barkatuko ez liguketen bekatuak izango lirateke.
Esan beharra dago, inertzia hori gugandik urruntzea gure esku dagoela, teologia eta filosofia guztiak alde batera utzita, eta horretarako, askotan oso konplikatua egiten zaigula geure buruarekin zintzoki jokatzea. Eta horixe eta ez beste ezer izango litzateke askatu beharreko korapiloa. Betikoa, teoria ezagutzen dugu, baina auzia praktikara eramatea beste kontu bat da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!