Informazio horien arabera, Txinako Alderdi Komunistako buruzagien senitartekoak herrialde horretako aberatsen zerrendan lehenengo postuan daude, eta euren dirua paradisu fiskaletan ezkutatuta; tartean topa genitzake herriaren aitak izan ziren Mao Zedong timonel handiaren loba bat edo Den Xiao Pingen-en iloba bat.
Munduan zehar ezagutu izan ditugun totalitarismo nagusienak ikertzen badaramatzat hogei bat urte, nazionalsozialismoaz, Italiako faxismo paradigmatikoaz, Portugaleko faxismoaz, frankismoaz, Errumanian hogeita hamargarren hamarkadan eman zenaz edota stalinismoaz ehunka liburu irakurtzen. Eta, egia esateko, oraindino asko harritzen nau, ustez ideologia askatzaileak zirenen izenean, XX. mendean, zer-nolako triskantzak egin izan ziren ikusteak. Seguruenik, eta, nahiz eta batzuentzat deigarria izan, nire uste apalean, horien denen artean mingarriena eta etsigarriena komunismoa izan da; izan ere, bere postulatu ideologikoen kontra zihoan guztia egin baitzuten (gulaga izango litzateke horren adierazle ikaragarriena).
Zentzu horretan, eta Txinara bueltatuta, han gertatzen ari dena guztiz onartezina da, eta hauxe da justu hemen salatu nahi dudana. Maoren aberrian muturreko sistema maltzurra osatu dute osagai lizun hauekin: muturreko kapitalismoak dituen ezaugarri guztiekin eta komunismo errealak toki guztietan erakutsitako askatasun falta itogarriarekin eta jasanezinarekin.
Moraltasunik eza ikaragarria da herrialde horretan, eta, zoritxarrez, txinatar buruzagiak ez dira horren erantzule bakarrak. Ilustrazioaren oinordeko diren Mendebaldeko herrialdeek hori guztia onartzen dute, ezer esan barik. Jakina, Txinarekin negozioak egitea askoz garrantzitsuagoa da, giza eskubideak defendatzea baino.
Azken finean, zinikoen eta hipokriten arteko betiko joko nazkagarria!