Bernard-Henri Lévy-k aste honetan egunkari frantziar batean ateratako artikuluan, poztasun handia adierazi du François Hollandek Sirian esku hartzeko erakutsi duen grina dela-eta.
Nik askotan preziatu izan dudan filosofo mediatiko horrek ez dauka inolako zalantzarik Bashar al Asad-en erregimenari militarki eraso egin behar zaiola adierazteko, arma kimikoak erabiltzearen ondorioz, 1.500 pertsona inguruk heriotza latza izan dutelako.
Bakearen Nobel Saria den Barack Obama ere, Nazio Batuen Erakundeak (NBEk) izandako jarrera koldarra kritikatuta, gerrarako babes bila dabil AEBetako Kongresuan, nahiz eta, herrialde horri eraso egiteko babes beharrik ez duen. John Kerry-k ere, ezer egin baino lehen, ekintza hori aurrera eramateko nazioarteko babesa nahi du. Hala ere, Azore uharteetako argazkia atera zuten garaitik gauzak zeharo aldatu dira, eta badirudi, orain, Estatu Batuetako iritzi publikoa ere gerraren kontra dagoela. Argi dago Afganistan eta Irakeko eskarmentua oso presente dutela iparramerikarrek.
Jakina, seguruenik saringasa erabiltzearen erantzulea Bashar al Asad izango da (batzuetan CIAk eta Mosad-ek ere egia esaten dute), baina horrek ez du esan nahi irteera hoberena ekintza militarra denik. Izan ere, jakin badakigu, horrelakoetan gehien pairatzen duena jende xumea dela, eta jakin ere badakigu gerrak zelan eta noiz hasten diren, baina ez, berriz, noiz eta nola bukatuko diren.
Horregatik, gure herritik, berandu baino lehen, ezetz biribila eman beharko genieke nazioartetik heltzen ari zaizkigun gerrako danbor hotsei.