Egiguren

Euskal Telebistan, egun hauetan, Angel Amigo zuzendariak Jesus Egigureni egindako dokumentala ikusteko aukera izan dugu. Bertan, Jesus Egigurenek, euskal sozialisten presidenteak, Zapateroren garaian ETA erakundearekin izandako negoziazioak kontatzen ditu

\"\"Euskal Telebistan, egun hauetan, Angel Amigo zuzendariak Jesus Egigureni egindako dokumentala ikusteko aukera izan dugu. Bertan, Jesus Egigurenek, euskal sozialisten presidenteak, Zapateroren garaian ETA erakundearekin izandako negoziazioak kontatzen ditu.

 

Jakina, lan honetan Egigurenen bertsioa soilik agertzen da. Hala ere, dokumentu gisa izugarrizko garrantzia dute Egigurenen azalpenek. Bere burua konspiradore gisa aurkezten du, eta gero, jakin dugunagatik, halaxe da. Beraz, izena oso egokia.

 

Politikagintza betidanik izan da Egigurenen pasioa, eta euskal gatazkaren konponketaren alde bere onena eman duela ere agerian geratzen da dokumental horretan; batez ere, kontuan hartuta Egigurenen osasuna eskasa dela.

 

Elkarrizketa horretan, Arnaldo Otegiri eta Josu Urrutikoetxeari egindako laudorioak ere oso esanguratsuak dira; eta, ordea, Egigurenek bai bere alderditik, bai Espainiatik jasotako irainek asko mindu eta desgastatu dutela sumatzen dugu.

 

Dena den, ni gehien erakarri nauena Egigurenek ageritako gizatasuna izan da, eta horixe da, hain zuzen ere, distantzia ideologikoetatik, hemen goraipatzea gustatuko litzaidakeena.

 

Onartu behar dut, nahiz eta bere errelato osoarekin bat ez natorren memento batzuetan, hunkitu egin naizela Itakara soilik bueltatzea geratzen zaiola entzun diodanean. Oso metafora ederra iruditu zait.

 

Bukatzeko, esan beharra daukat barneraino sartu zaidala, sufrikario guztien gainetik, Egigurenek Euskal Herriari aitortutako maitasuna. Tipo berezia da Jesus, oxala hemengo sozialisten artean horrelako gehiago egongo balira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!