Txetxenia ez da soilik Kaukaso ondoan dagoen herrialde bat. Txetxenia sinbolo bat ere bada, eta ez bakarrik bere sufrikarioa izugarria delako, baizik eta genozidio horretan gertatutakoa ez delako inoiz nazio arteko agendetan agertu.
Txetxeniaren sufrikarioa ez da gaur egungo kontua. Errusiako tsarren garaian ere, gogor jo zuten herrialde horren kontra. 1917an, iraultza sozialista etorri zen, eta Sobietar Batasuneko agintariek, Leninetik hasita Gorvachoveraino, txetxenoen kontrako errepresio bortitza planifikatu zuten; erregimen sobietarraren ohiko jokabideak erabilita: tortura, herrialde barneko ezinbesteko migrazioa eta sarraskia.
Hala ere, herrialde horretara zorigaiztorik handiena Stalinekin etorri zen, eta gainera, urte asko iraun izan zuen. Txetxeniar asko Gulagen gatibu egon ziren, eta beti saiatu izan ziren bere kartzeleroen kontra borrokatzen, beste guztiak etsitzen zuten bitartean. Menderaezinak zirela frogatu zuten. Gero, Sobietar Batasuna desagertu egin zen eta Boris Yeltsin eta Putin etorri ziren demokrazia formala aldarrikatzera, baina, txetxenoentzat ez zen inolako treguarik egon.
Duela urte batzuk jakin izan dugu Grozni hiriburua nola geratu zen Errusiako armadak bonbardatu eta gero, eta hunkigarria da benetan, nola hiriburu hori Dresde edo Nagazaki baino txikituago utzi zutela ikustea.
Badakigu ez dela bortizkeria inperialista pairatzen duen herri bakarra; Kurdistanek, Palestinak edota Afrikako Chadek ere pairatzen baitute, baina, ikur bihurtu da, eta hor gertatzen ari dena salatzen ez badugu, Txetxenia izango da aurten ere existituko ez den gatazka espektrala.