Gizakiok, nahiz eta behin eta berriro saiatu metaforen bitartez pentsatzen, ezin dugu aurreiritzirik gabe funtzionatu. Esan genezake aurreiritzi mota asko daudela eta unibertso txiki bat ere osatzen dutela. Horietariko batzuk aurreiritzi ideologikoak dira, besteen iritzia onartzeko gabezia agerian uzten dute elkarbizitza antolatzeko oso kaltegarriak dira.
Beste aurreiritzi batzuk azalaren kolorearekin lotuta daude eta xenofobiara eraman gaitzakete. Jakina, hauek ere oso arriskutsuak dira.
Badaude klasistak kontsidera daitezkeen aurreiritziak ere, diruarekin edo boterearekin erlazionatuak, eta zorigaitzez gure artean ondo errotuta daudenak.
Badaude beste aurriritzi batzuk oso aktibatuak ditugunak, eta horiek bereziki ezagutzen ez ditugun pertsonei aplikatzen dizkiegu. Hau da, nahiz eta ez ezagutu, janzkeragatik, itxuragatik, entzun dugunagatik kalifikatzen dugu.
Aipatutako aurreiritzi guztiek sutrai komuna dute: tolerantzia falta.
Antzinako Greziatik, gizakiok gizartearen beharra dugu gure gizatasuna osatu ahal izateko, eta hori horrela bada, nahitaez ondoan daukagun laguna gu bezalakoa dela pentsatzea izango litzateke zuzenena. Baikortasun antropologikoan erori gabe, denok ditugu antzerako miseriak eta deskubritu beharreko bertuteak.
Horregatik, inor epaitu baino lehen komeni zaigu albokoari aukera bat ematea, batez ere, hurrengoan gu geu ere alboan suerta gaitezkeelako eta orduan tratu justua nahiko dugulako.