2011ko uztailean Santiagoko katedraletik Codex Calixtinusa lapurtu zutenean aho bete hortz geratu baginen ere, harrituago geratu gara, orain, Kodea berreskuratu eta inguruko pasadizo guztiak ezagutzera ematen ari direnean.
Liburu horren balioa ezin da dirutan neurtu, batetik salezina delako, enkarguz ez bada behintzat (ezagunegia izateagatik); eta bestetik, salmentan egongo balitz, ezin izango geniokeelako horrelako altxorrari preziorik ipini (horrek ez du esan nahi transakziorik ez zenik izango; gogoratu Leonardo Da Vinciren eskuizkribu inportanteena Will Gatek erosi zuela).
Dena den, auzi horretan gehien harritu gaituena ez da liburu horrek historian zehar izan duen garrantzia, esaterako, Done Jakuerako bidearen nagusitasuna ulertu ahal izateko; edo nafarren lizunkeriaren inguruan egiten diren deskribapenak, baizik eta lapurretaren inguruko istorio bitxiak eta harrigarriak.
Badirudi Santiagoko katedralean 25 urtetan argiketari ibilitako langilea izan zela delitugilea; bi milioi euro inguru ere lapurtu omen zituen eta baita (segurtasun eskasa agerian utzita) artelan sakro baliotsu batzuk ere.
Hasieran, mendekua izango ote zen zabaldu zen, langileak katedraleko dekano edo bilduma-arduradunarekin izandako tirabirengatik lan barik geratu zelako, baina jakin da guztiaren atzean dagoen trikimailu beltzak Umberto Ecoren eleberri ezagunaren osagarri misteriotsu guztiak dituela. Garai ilun hauetan fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak desitxuratzen ari direla. Garai zailak literaturarentzat!