Hegazterrenen garaia

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Olaso Sopelana (Behargina)

Basurtuko ospitalean pasiadan nabilela, pabiloi deitzen dieten adreiluzko etxetxoei begira geratu naiz pixka batean. Bizpahiru solairu izango dituzte eta sakoneko etxe orratzen itzala are itsusiagoa egin zait hemendik begiratuta. Bufff, eraikitako dorre bakoitzarekin zenbat argi kendu ote diogun jada gure buruari… Pabiloien inguruan lorategi itxurako berdeguneak daude. Uste dut ez nintzatekeela gehiegi harrituko bat-batean hegazterren batekin gurutzatuko banintz. Ez gara ba orain ospitaleak erromantizatzen hasiko, baina magia pixka bat igarri nahi izan diot momentuari eta eleberri bat ekarri dut akordura.

Gueorgui Gospodínov bulgariarraren Vremeubezhishte (Denboraren Aterpetxeak) liburuan, pertsonaia anonimo batek gidatutako kontakizunak liluratu ninduen aurreko neguan. Gaustine izeneko doktoreak, Zürichen Alzheimerra dutenentzako klinika bat sortzen ari dela kontatuko dio narratzaileari. Bertako pazienteen bizi kalitatea hobetzeko asmoz, ospitalea zonaldeka banatu eta gaixo bakoitzak behar duen garai eta tokira garraiatzeko artefaktuak bilduko dituzte. Alegia, oraina herrialde arrotza den horientzat, iragan etxekoi bat eskainiko diete zentzumen guztien bidez. Aterpe kronologikoen ideia zabaltzeak sekulako astinaldia eragingo du Europan zehar eta herrialde bakoitzak zein garaitan bizi nahi duen erabakitzeko erreferendumak antolatuko dituzte azkenean.

Basurtuko pabiloiak berrizendatzen hasi naiz neure kolkorako. Gerora etorriko garenon asmoak aurreikusten saiatu, eta zail egin zait bizi dugun garai hau aukeratuko lukeenaren erabakia ulertzea. Zertara nahiko luke inork garai honetara itzuli? Zein argi, zein usain eta zein soinurekin eraikiko genuke pabiloia? Bueltaka nabil oraindik baina itzultzeko moduko garai bat bizitzea nahi dudala esan diot hegazterrenari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!