Egunotan Mañaria erreka albora hurbildu naiz arratsalde hura luzatzeko asmoz. Konspiratutako bizimodua oraintasunetik eta hemenkeriatik pentsatzen jarraitu dut baina trasatlantiko bat sartu zait loriaren eta zauriaren artean. Profesionalok, ordea, badakigu udaberriko argia ez dela nolanahiko magia. Mailuki garaia dator, zikoinak kabia indartzen hasiak dira eta konplexutasuna talentu handiz narratzen duen jendea dabil hurbilean. Norbaitek edertasuna zer den galdetuz gero, dudarik gabe horiek seinalatuko nituzke disimulatutako keinu batekin.
Santa Ana plazako harrizko eskaileretan eseri eta zinema hartaz akordatu naiz berehala. Atea itxita duen eliza begiratu dut alderik alde, goi eta behe. Musuzapia atera eta zirriborro bat gehitu diot azkar batean.