Asteartea zen

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Olaso Sopelana (Behargina) 2026ko otsailaren 6a

Elegantzia handiarekin igo zen eszenatokira. Beluse gorria eta segurtasuna zeramatzan soinean. Mikrofonora hurbildu zen emanaldiari sarrera emanez: there's a great atmosphere for a Saturday. Inork ez zuen ordura arte altuan esan baina ezkutatuta bezala geunden, pozarren. Bezperak espero zuenetik urrun, biharrarekin gordeketetan antzoki txiki hartako ilunpetan. Giro bikaina dago larunbata izateko. Publikoan geundenok barre egin genuen. Asteartea zen.

Astelehenetik gentozen eta hurrengo egunean ere goiz esnatu beharra geneukan. Baina momentu horretan, beste zerbaitetan pentsatzeko premisa ederra zabaldu genuen gure artean. Amets ederrak baititugu, lo gutxi egin arren. 

Enplegurik gabeko bizitzak imajinatzen hasi ginen orduan. Nola ez gara ba lehenago konturatu? Munduaren iheskortasunaren kontra, gutizia txikiak xuxurlatu genizkion belarrira elkarri: 

Lan egitea eta alperkerian egotea ez dira antonimoak izango! Eta lan ordaindurik egiten ez duenak baliozko ezer egiten ez duenaren ideia ezabatuko dugu. Uuuh, bai ze ona, eta eta plazeraren aldeko erabakiak hartzea izango da gure ofizio nagusia. Hori hori, baina jarduera pilaketarik ez, mantsotasunak gobernatuko du! Erabat, poliki-poliki ibiliko gara, lasaitasunik gabe ez dagoelako entzuteko dohairik eta elkar entzuteko dohairik gabe, ez dugulako mundu honetan bizi nahi! Eta asperduraren aldeko aldarria berreskuratuko dugu gure pankartetan, ezin bagara aspertu, hau ez da gure iraultza! Hori da eta ibiltzearekin aspertuta, dantza egingo dugu, dantza, errendimendu-printzipioetatik ihes egiten duen luxua baita. Beraz, pertsona errespetagarri bezala, gure bizitzak bizirauteko borrokatik harago antolatuko ditugu. Arren, asteartea izan arren! 

Eta dantzan jarraitu genuen, gehiegizko eszitazioarekin urtu aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!